Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 13:17-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. baizik eta bere zerbitzura zuen morroiari dei egin eta agindu zion:—Bota hau hemendik kanpora eta itxi atea!

18. Morroiak kanpora bota zuen neska eta atea giltzaz itxi. Soineko luze ederrez jantzia zegoen neska, halaxe janzten baitziren errege-alaba ezkongabeak.

19. Orduan, ordea, bere burura hautsa bota, soinekoa urratu eta eskuak buruan zituela, garrasika joan zen Tamar.

20. Absalomek, bere anaiak, galdetu zion:—Amnon egon al dun hirekin? Isil hadi, ene arreba, heure anaia dun eta. Ez kezkatu horregatik.Tamar, hala ere, atsekabetua gelditu zen bere anaia Absalomen etxean.

21. Jakin zuen David erregeak gertatuaren berri eta erabat haserretu zen.

22. Absalomek ez zion hitzik esan bere anaia Amnoni, baina gorrotoa zion, arreba Tamar bortxatu zuelako.

23. Handik bi urtera, Absalomek errege-seme guztiak gonbidatu zituen Efraim ondoko Baal-Hatzorren egiten ari zen ardi-mozketako jaira.

24. Absalomek, erregeagana joan eta esan zion:—Ardi-moztearen jaia dugu. Etor bitez nirekin, otoi, erregea eta beronen zerbitzariak.

25. Erregeak erantzun zion Absalomi:—Ez, ene seme, ez gara guztiok joango; istilu handia izango litzateke zuretzat.Absalom eske eta eske ari zitzaion arren, erregeak ez zuen joan nahi izan eta bedeinkatu egin zuen agurtzeko.

26. Absalomek, orduan:—Zuk etorri nahi ez baduzu, utziozu gure anaia Amnoni gurera etortzen.Erregeak galdetu zion:—Zertarako joan behar du zuenera?

27. Absalom behin eta berriro esaten ari zitzaionez, azkenean utzi egin zien joaten Amnoni eta gainerako seme guztiei Absalomen etxera.

28. Absalomek agindu zien bere morroiei:—Begira, ardoak Amnonen bihotza alai-alai egin eta nik bera hiltzeko esatean, hil ezazue. Ez izan beldurrik, neuk agintzen dizuet eta. Aurrera eta izan ausart!

29. Absalomek agindu bezala, morroiek hil egin zuten Amnon. Errege-seme guztiek jaiki eta nork bere mandoz ihes egin zuten.

30. Oraindik bidean zirelarik, norbaitek zurrumurru hau ekarri zion Davidi: «Absalomek hil egin ditu erregearen seme guztiak; ez da bat bakarra ere gelditu».

31. Jaiki zen erregea, urratu zituen bere jantziak eta lurrera bota zuen bere burua. Ondoan zituen zerbitzari guztiek ere jantziak urratu zituzten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 13