Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 12:14-30 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Baina egin duzunaz Jauna larriki gutxietsi duzulako, jaio zaizun semea hil egingo da.

15. Gero, Natan etxera itzuli zen.Jaunak larriki gaixoarazi zuen Uriasen emazteak Davidi ekarritako haurra.

16. Haurra bizi zedin eskatu zion Davidek Jainkoari, barau zorrotza eginez eta gauak lurrean etzanda emanez.

17. Joan zitzaizkion jauregiko arduradunak lurretik jaikiarazteko asmotan, baina hark ez zuen nahi izan, ezta deus jan ere haiekin.

18. Zazpigarren egunean hil zen haurra. Zerbitzariak beldur ziren haurra hila zela Davidi adierazteko. Honela zioten: «Haurra bizi zen bitartean mintzatzen gintzaizkion eta ez zigun aditzen. Nola adierazi orain hil zaiola haurra? Egingo digu ikaragarriren bat!»

19. Sumatu zituen Davidek bere zerbitzariak zurrumurruka, eta antzeman zuen hila zela haurra. Orduan, galdegin zien Davidek zerbitzariei:—Hil da haurra, ezta?Haiek erantzun:—Hil da, bai.

20. Orduan, Davidek, lurretik jaiki, bainatu eta usainki gozoz igurtzi zuen bere burua. Aldatu zituen jantziak, Jaunaren etxolara joan eta ahuspeztu egin zen. Ondoren, etxera etorri, janaria eskatu eta jan zuen.

21. Zerbitzariek esan zioten:—Zertan ari zara? Haurra bizi zela barau eta negar egiten zenuen. Hil da haurra, eta zu jaiki eta jaten?

22. Davidek erantzun:—Haurra bizi zen bitartean, berarengatik egiten nuen barau eta negar. Neure baitan nioen: «Ea errukitzen zaidan Jauna eta bizirik gelditzen den haurra».

23. Orain, ordea, hila da; zertarako baraua? Ekar ote dezaket berriro bizira? Ni bai joango naizela berarengana; bera niregana, ordea, ez.

24. Gero, Davidek bere emazte Betsabe kontsolatu zuen; joan eta berarekin etzan zen. Emazteak haurra egin eta Davidek Salomon jarri zion izena. Maite izan zuen Jaunak haurra,

25. eta hala jakinarazi zion Davidi, Natan profetaren bidez. Orduan, Jaunaren omenez, Jedidias ipini zion izena, hau da, «Jaunaren Maitea».

26. Bitartean, Joabek amondarren Raba hiriburuari eraso zion, eta erregea bizi zen auzunea hartu zuen.

27. Orduan, mezulariak bidali zizkion Joabek Davidi, esatera: «Rabaren kontra borrokatu naiz eta urtegiak dituen auzuneaz jabetu.

28. Bil ezazu gainerako gudarostea, inguratu hiria eta hartu. Ez dadila gerta, nik hartu eta hiriari nire izena ezartzea».

29. Bildu zuen, beraz, Davidek gudaroste osoa, Rabaren aurka joan, eraso eta hartu zuen.

30. Kendu zioten buru gainetik amondarren jainko Milkomi urrezko koroa harribitxiduna —hogeita hamabost kilo pisatzen zuen—, eta Davidi ezarri zioten harribitxia buruan. Harrapakin ugari eraman zuen hiri hartatik.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 12