Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 12:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunak Natan profeta bidali zion Davidi. Natanek esan zion:—Hara, baziren hiri batean bi gizon, bata aberatsa eta bestea behartsua.

2. Aberatsak ardi eta behi ugari zuen.

3. Behartsuak, aldiz, erositako bildots koxkor bat baizik ez zuen. Berak elikatu zuen eta bere etxean hazi, seme-alabekin batera; bere ogitik eman ohi zion jaten eta bere edalontzitik edaten, eta bere magalean lotaratzen zuen. Alaba bezalaxe zuen.

4. Behin batez, bisitari bat etorri zitzaion gizon aberatsari; honek ez zuen bere ardirik, ez behirik hartu nahi izan arrotz hari jaten emateko, baizik eta behartsuari kendu zion bildotsa; horrela prestatu zuen jakia bere bisitariarentzat.

5. Biziki haserretu zen David halako gizonaren aurka, eta esan zion Natani:—Ala Jauna! Hori egin duenak bai merezi duela heriotza!

6. Hori egingo zuen, bada, inolako gupidarik gabe? Lau halako itzuli beharko du, bildotsaren ordain.

7. Natanek, orduan, Davidi:—Zeu zara gizon hori! Hona zer diotsun Jaunak, Israelen Jainkoak: «Nik gantzutu zaitut Israelgo errege, eta Saulen eskuetatik askatu.

8. Zeure jaunaren etxea eman dizut, eta altzoan jarri dizkizut zeure jaunaren emazteak. Israel eta Juda erreinuak eman dizkizut. Eta hori gutxi balitz, askoz handiagoak emanen dizkizut.

9. Zergatik gutxietsi duzu Jaunaren esana? Zergatik egin duzu Jaunaren begietan oker dena? Amondarren eskuz hilarazi duzu Urias hitita, eta haren emaztea zeure emazte egin.

10. Horregatik, Urias hititaren emaztea zeure emazte eginez ni gutxietsi nauzulako, ez zaizu inoiz ere borrokarik falta izango etxean».

11. Hau ere badiotsu Jaunak: «Zeure etxetik etorraraziko dizut ezbeharra; zure emazteak hartu eta, zeure aurrean, beste bati emango dizkiot: hau egun-argitan etzango da beraiekin.

12. Ezkutuan egin zenuen zuk; Israel osoaren aurrean eta egun-argitan eginen dizut nik».

13. Davidek erantzun zion Natani:—Bekatu egin dut Jaunaren aurka.Natanek Davidi:—Jaunak, hala ere, barkatzen dizu bekatua. Ez zara hilko.

14. Baina egin duzunaz Jauna larriki gutxietsi duzulako, jaio zaizun semea hil egingo da.

15. Gero, Natan etxera itzuli zen.Jaunak larriki gaixoarazi zuen Uriasen emazteak Davidi ekarritako haurra.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 12