Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 1:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Saul hila zelarik, amalektarrak menderatu eta itzuli ondoren, bi egun egin zituen Davidek Tziklagen.

2. Hirugarren egunean, Saulen kanpalekutik zetorren gizon bat agertu zen; jantziak urraturik eta burua hautsez estalirik zekartzan. Davidengana heltzean, lurreraino ahuspeztu zen.

3. Davidek galdegin zion:—Nondik zatoz?—Israeldarren kanpalekutik natorkizu ihesi —erantzun zion.

4. Davidek galdegin zion:—Zer gertatu da? Esadazu, otoi!—Ihes egin du jendeak guda-zelaitik. Gizon asko erori da hilik. Saul eta beronen seme Jonatan ere hil dira —erantzun zuen.

5. Davidek galdetu zion berria zekarkion gazteari:—Nola dakizu hilak direla Saul eta beronen seme Jonatan?

6. Berria zekarren gazteak erantzun zuen:—Gilboa mendian gertatu nintzen ni, halabeharrez. Saul bere lantzaren gainean zegoen. Hurbiltzen ari zitzaizkion guda-gurdiak eta zaldizkoak.

7. Atzera begiratu eta, ni ikustean, dei egin zidan. Eta nik «Hemen nauzu!» erantzun nion.

8. Hark galdetu zidan: «Nor zara?» Nik erantzun: «Amalektarra nauzu».

9. Eta esan zidan: «Zatozkit, arren, ondora eta hil nazazu. Hilzorian nago, baina oraindik bizirik».

10. Joan nintzaion eta hil egin nuen; bai bainekien ezin izango zela bizi hondamen haren ondoren. Buruan zeraman koroa eta besoan zeraman besokoa hartu nizkion, eta hemen dakarzkizut, ene jauna.

11. Davidek bere jantziak hartu eta urratu egin zituen. Orobat egin zuten berarekin ziren gizon guztiek.

12. Dolu egin zuten eta negar, eta baraurik egon ziren arratsa arte Saulengatik, beronen seme Jonatanengatik, Jaunaren herriarengatik eta Israel osoarengatik, ezpatapean eroriak baitziren.

13. Davidek, orduan, galdetu zion gertatuaren berri ekarri zion gazteari:—Nongoa zara?—Zuen artean etorkin gisa bizi den amalektar baten semea nauzu —erantzun zuen hark.

14. Davidek esan zion:—Eta nolatan ez zinen Jaunaren gantzutua hiltzeko beldur izan?

15. Eta morroi bati dei egin eta agindu hau eman zion Davidek:—Zatoz eta hil ezazu hau!Hala, jo eta hil egin zuen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 1