Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 36:16-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Baina haiek Jainkoaren mezulariei iseka egin, beraien esanak gutxietsi eta barre egiten zieten profetei. Jaunak bere herriaren kontra zuen haserrea gainez egiteraino handitu zen eta ez zen salbabiderik izan.

17. Orduan, Jainkoak etorrarazi zuen Babiloniako erregea jende haren kontra, eta hark hango gazteak ezpataz hil zituen tenpluan bertan; ez zien barkatu ez mutilei, ez neskei, ez zaharrei, ez agureei: Jainkoak dena haren esku utzi zuen.

18. Jainkoaren etxeko tresnak, handiak nahiz txikiak, tenpluko eta jauregiko altxorrak, baita buruzagienak ere, Babiloniara eraman zituen denak.

19. Gero, Jainkoaren etxea erre, Jerusalemgo harresia bota eta su eman zien jauregiei eta bertako gauza ederrei, dena hondatuz.

20. Bizirik geldituak Babiloniara erbesteratu zituen. Han erregearen eta beronen ondorengoen esklabo izan ziren, harik eta pertsiarren erregealdia etorri zen arte.

21. Horrela bete zen Jaunak Jeremias profetaren ahoz esana: «Hirurogeita hamar urtez egongo da utzia lurralde hau, hondamenaldi osoan zehar, Jaunari ukatu zizkioten atseden-urteak bete arte».

22. Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarria bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen:

23. «Hau agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit. Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez hara, Jauna, beren Jainkoa, lagun dutela!»

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 36