Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 35:22-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Josiasek, ordea, ez zuen atzera egin, egiptoarraren kontra borrokatzeko egokieraren bila baitzebilen. Jainkoaren eraginez, Nekok eman zion oharra aditu gabe, Megidoko lautadan guduari ekin zion Josiasek.

23. Arkulariek geziak jaurti eta zauritu egin zuten Josias. Orduan, esan zien erregeak bere zerbitzariei: «Atera nazazue hemendik, larriki zauritua nago eta».

24. Zerbitzariek erregea bere guda-gurditik hartu, beste guda-gurdi batera igo eta Jerusalemera eraman zuten. Han hil zen, eta bere arbasoen hilobian ehortzi zuten. Juda eta Jerusalem osoak egin zuen dolu Josiasengatik.

25. Jeremias profetak negar-kanta bat egin zuen Josiasi buruz. Gizon-emakume kantari guztiek aipatzen dute gaurdaino Josias beren negar-kantuetan. Ohitura bihurtu da hori Israelen. «Negar Kantak» izeneko liburuan daude idatzirik.

26. Josiasen gainerako jarduerak, Jaunaren legea betetzeko izan zuen leialtasuna

27. eta beste egintzak, lehenengotik azkenekora, «Israelgo eta Judako Erregeen Liburuan» daude idatziak.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 35