Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 34:8-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Bere erregealdiko hemezortzigarren urtean, lurraldearen eta tenpluaren garbikuntza egin ondoren, Atzaliasen seme Xafani, hiriko gobernari zen Maaseiasi eta Joakazen seme Joah idazkariari Jaunaren, bere Jainkoaren, etxea konpontzeko mandatua eman zien erregeak.

9. Hauek Hilkias apaiz nagusiagana joan eta Jainkoaren etxean bildutako dirua eman zioten. Diru hura Manases, Efraim eta Israelgo beste lurraldeetako jendeak, Juda, Benjamin osoko eta Jerusalemgo jendeak emana zen, eta atezain zeuden lebitarrek jasoa.

10. Jaunaren etxeko konponketen arduradunei eman zieten dirua; hauek, berriz, tenplua konpontzen eta berritzen ari ziren langileei.

11. Zurginei eta igeltseroei ere eman zieten, harlanduak eta zura eros zitzaten, habeak egiteko eta Judako erregeek hondatzen utzi zituzten eraikuntzen hormak eta habeak berritzeko.

12. Zintzo ari ziren langile haiek lanean. Merariren ondorengoetako Jahat eta Obadias, eta Kehaten ondorengoetako Zakarias eta Mexulam lebitarrak ziren lan haiek zuzentzeko arduradunak. Musika-tresnak jotzen zekitenez, lebitarrek

13. gidatzen zituzten eramaileak eta zuzentzen gainerako langileak. Beste lebitar batzuk idazkari ziren, begirale nahiz atezain.

14. Behinola, Jaunaren etxerako emana zen dirua ateratzen ari zirelarik, Jaunak Moisesi emaniko lege-liburua aurkitu zuen Hilkias apaizak.

15. Hilkiasek esan zion Xafan idazkariari: «Lege-liburua aurkitu dut Jaunaren etxean». Eta Xafani eman zion Hilkiasek liburua.

16. Xafanek, liburua erregeari eramanez, lanen berri eman zion, esanez:—Ari dira egiten zure zerbitzariak agindu zaien guztia.

17. Atera dute Jaunaren etxean zegoen dirua eta eman diete lan-arduradunei eta langileei.

18. Ondoren, esan zion Xafan idazkariak erregeari:—Hilkias apaizak liburu hau eman dit.Eta Xafanek irakurri egin zuen liburua erregearen aitzinean.

19. Lege-liburuak zioena aditzean, bere jantziak urratu eta

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 34