Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 32:18-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko.

19. Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.

20. Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.

21. Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz.

22. Honela salbatu zituen Jaunak Ezekias eta Jerusalemgo bizilagunak Asiriako errege Senakeriben eta gainerako etsaien eskuetan erortzetik. Eta bakea eman zien alde guztietan.

23. Askok, orduan, eskaintzak eraman zizkioten Jaunari Jerusalemera, baita esku-erakutsiak ere Judako errege Ezekiasi. Gertakari honen ondoren, Ezekiasek ospe handia izan zuen nazio guztien aurrean.

24. Egun batez, larriki gaixotu zen Ezekias. Jaunari otoitz egin eta Jaunak miraria eginez erantzun zion.

25. Ezekiasek, aldiz, ez zuen erantzun hartutako mesedeari zegokionez, harrotu egin baitzen. Horregatik, Jaunaren haserrea piztu zen haren kontra eta Juda eta Jerusalemen kontra.

26. Baina bai Ezekias bera, bai Jerusalemgo bizilagunak, beren harrokeria aitorturik, apaldu egin ziren, eta Jaunak ez zituen zigortu Jerusalemgo bizilagunak Ezekias bizi izan zen artean.

27. Aberastasun eta ospe handiak izan zituen Ezekiasek. Zilar, urre, harribitxi, usainki, babeski eta era askotako gauza baliotsu ugari bildu zuen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 32