Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 32:11-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Zuek engainatzen ari da Ezekias, goseak eta egarriak hil zaitezten; horregatik esan dizue, Asiriako erregearen eskuetatik Jaunak, zeuen Jainkoak, libratuko zaituztela.

12. Baina ez al ditu, bada, Ezekiasek berak kendu Jainko horren kultu-lekuak eta aldareak, Judako eta Jerusalemgo jendeari aldare bakar baten aurrean ahuspeztu eta intsentsua aldare horretan eskaintzeko aginduz?

13. Ez al dakizue zer egin diegun nik eta nire aurrekoek hainbat lurraldetako herriei? Lurralde horietako jendeen jainkoek libratu ahal izan ote zuten beren nazioa nire eskuetatik?

14. Nire aurrekoek hondatu zituzten nazio horietako jainkoetarik batek ere libratu ahal izan ote du bere herria nire eskuetatik? Eta zeuen Jainkoak libratuko zaituztela nire eskuetan erortzetik?

15. Ez zaitzatela engaina Ezekiasek; ez diezazuela iruzurrik egin. Ez sinetsi! Inongo jainkok bere nazioa nahiz erreinua ezin izan badu ez nire, ez nire aurrekoen eskuetatik libratu, are gutxiago libratuko zaituzte zeuen Jainkoak”».

16. Beste gauza asko ere esan zuten ordezkari haiek Jainko Jaunaren eta honen zerbitzari Ezekiasen kontra.

17. Senakeribek gutuna idatzi zuen Jauna, Israelen Jainkoa, irainduz eta beronen kontra honako hau esanez: «Beste lurraldeetako jendeen jainkoek ezin izan dituzte beren herriak nire eskuetatik libratu. Ezekiasen Jainkoak ere ezin izango du salbatu bere herria nire eskuetatik».

18. Ordezkari haiek ahots handiz eta hebreeraz mintzo zitzaizkion Jerusalemgo harresi gainean zegoen jendeari, ikara eta beldur zedin, horrela hiriaz jabetu ahal izateko.

19. Atzerritarrek giza eskuz eginak dituzten sasijainkoetako bat bailitzan mintzatu ziren Jerusalemgo Jainkoaz.

20. Egoera horretan, Ezekias erregeak eta Amotzen seme Isaias profetak otoitz egin zuten, zerura deituz.

21. Orduan, Jaunak aingerua bidali zuen eta aingeruak Asiriako erregearen gudarosteko gudari adoretsu guztiak, buruzagiak eta ofizialak hondatu egin zituen.Senakeribek, lotsaz beterik, bere herrira itzuli behar izan zuen. Eta bere jainkoen jauretxera sartu zenean, bere semeek hil zuten ezpataz.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 32