Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 31:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jai haiek bukaturik, bertan izaniko israeldarrak Judako hirietan barrena ibili ziren zutarri sakratuak hausten, zutoin sakratuak ebaki eta kultu-leku eta aldareak desegiten, denak suntsitu arte. Eta hori bera egin zuten Benjamin, Efraim eta Manasesen lurraldeetan ere. Ondoren, israeldar guztiak nor bere hiri eta etxera itzuli ziren.

2. Ezekiasek berrantolatu egin zituen apaiz- eta lebitar-taldeak, bakoitza bere sailaren arabera. Talde bakoitzaren eginkizuna eratu zuen, bai erre-opari eta elkartasun-opariak eskaintzeko, bai kultuaren zerbitzurako, bai gorespenak eta gorazarreak kantatzeko Jaunaren tenplu barruan.

3. Erregeak bere ondasunetatik zati bat eman zuen, goiz eta arratsaldeko erre-opariak, larunbat, ilberri-jai eta jai nagusietako erre-opariak eskaintzeko, Jaunaren legean idatzia dagoenaren arabera;

4. gainera, apaizei eta lebitarrei zegokien partea emateko agindu zien Jerusalemgo bizilagunei, Jaunaren legea betetzen sendo iraun zezaten.

5. Agindua zabaldu zelarik, israeldarrek ugari eman zituzten gari, ardo, olio, ezti eta alorretako emaitza guztien hasikinak; baita horien guztien hamarrenak ere, oparo.

6. Judako beste hirietakoek, baita haietan bizi ziren israeldarrek ere, beren behi, ardi eta beren Jainko Jaunari sagaraturiko beste eskaintzen hamarrenak eman zituzten. Horrela, ondasun-multzo handiak egin ziren.

7. Hirugarren hilabetean hasi ziren multzoak egiten, eta zazpigarrenean bukatu zuten.

8. Ezekiasek eta agintariek, hainbeste multzo ikustean, Jauna eta beronen herri Israel bedeinkatu zituzten.

9. Ezekiasek argitasunak eskatu zizkien apaizei eta lebitarrei multzo haietaz.

10. Tzadoken ondorengoa zen Azarias apaiz nagusiak eman zion erantzuna: «Jaunaren etxera emaitzak ekartzen hasi zirenez geroztik, asetzeko adina janari izan dugu, eta asko utzi dugu sobera. Izan ere, bedeinkatu egin du Jaunak bere herria. Hona hemen zenbat gelditu den sobera».

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 31