Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 30:12-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Juda lurraldean, berriz, Jainkoaren eraginez, denek bat egin zuten erregearen eta buruzagien agindua betetzeko, Jaunak esanaren arabera.

13. Jendetza izugarria bildu zen Jerusalemen Legamia gabeko Ogien Jaia bigarren hilabetean ospatzera. Biltzarra oso-oso handia izan zen.

14. Jerusalemen ziren sasikultuko aldare guztiak, baita intsentsua erretzeko aldareak ere, kendu eta Zedron errekara jaurti zituzten.

15. Bigarren hilaren hamalauan Pazko-bildotsa hil zuten. Apaizek eta lebitarrek, garbikuntza egin ezaz lotsaturik, garbikuntza egin eta erre-opariak eskaini zituzten Jaunaren etxean.

16. Jainkoaren gizon izan zen Moisesen legeak dioenez eta beraien arautegiak agintzen duenez, apaizak eta lebitarrak nor bere tokian ari ziren: lebitarrek odola eman eta apaizek isuri.

17. Izan ere, batzar hartan garbikuntza egin gabeko jende asko zegoenez, lebitarrek Pazko-bildotsak hiltzen ziharduten, Jaunaren ohorezko ekintza sakratu hura egiteko garbi ez zeudenen ordez.

18. Jende askok, Efraim, Manases, Isakar eta Zabulongoek batik bat, garbikuntza egin gabe jan zuten Pazko-bildotsa, idatzia dagoenaren kontra. Ezekiasek, ordea, otoitz egin zuen haien alde, esanez: «Jaun onak barka biezaie

19. Jainko Jaunarengana, beren arbasoen Jainkoarengana, jo duten hauei guztiei, gauza santuak egiteko behar den garbitasunik ez badute ere».

20. Jaunak Ezekiasi entzun eta barkatu egin zion herriari.

21. Jerusalemen ziren israeldarrek poz handiz egin zuten zazpi egunez Legamia gabeko Ogien Jaia. Lebitarrek eta apaizek egunero goretsi ohi zuten Jauna, musika-tresna ozenen laguntzaz, haren ohoretan kantatuz.

22. Ezekiasek zorionik beroenak eman zizkien lebitarrei, Jaunaren zerbitzuan gogotsu ari izan zirelako. Horrela, zazpi egunez jarraitu zuten jaia, elkartasun-opariak eskainiz eta Jauna, beren arbasoen Jainkoa, goretsiz.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 30