Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 24:4-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Aldi hartan, Joaxek Jaunaren etxea konpontzeko erabakia hartu zuen.

5. Apaizak eta lebitarrak bildu eta esan zien: «Zoazte Judako hiri guztietara eta bildu israeldar guztien artean zeuen Jainkoaren etxea urtero konpontzeko behar den dirua. Ibili bizkor!»Lebitarrak, ordea, ez ziren bizkor ibili.

6. Orduan, erregeak Joiada apaiz nagusiari dei egin eta esan zion: «Zergatik ez zara ahalegindu lebitarrek Judan eta Jerusalemen zerga bil zezaten? Jaunaren zerbitzari Moisesek eta israeldarren biltzar osoak ezarri zuten zerga hori, Jaunaren itun-agiria gordetzen zen oihal-etxolarako.

7. Badakizu Ataliak, emakume maltzur hark, eta beraren kidekoek Jainkoaren etxea hondatzen utzi zutela eta, gainera, Baalen kulturako erabili ohi zituztela tenpluko gauza sakratu guztiak».

8. Orduan, erregeak atabaka bat eginarazi eta kanpoan, Jaunaren etxeko atean, ipintzeko agindu zuen.

9. Gero, Judan eta Jerusalemen jakinarazi zuten Jainkoaren zerbitzari Moisesek basamortuan Israeli ezarritako zerga ekarri behar zitzaiola Jaunari.

10. Agintariek eta herri osoak, pozez beterik, beren dirua ekarri eta atabaka betetzeraino eman zuten.

11. Noizean behin lebitarrek erregeari eraman ohi zioten atabaka, iker zezan, eta, diru asko zegoela ikustean, erregearen idazkariak eta apaiz nagusiaren ordezkariak etorri eta hustu egiten zuten atabaka, gero berriro bere tokian ipintzeko. Halaxe egin ohi zuten egunero, eta diru asko bildu zuten.

12. Erregeak eta Joiadak Jaunaren etxean egiten ari ziren lanen arduradunei ematen zieten dirua, eta hauek Jaunaren etxea konpontzen ari ziren hargin eta zurginei ordaintzen zieten, baita tenplurako burdingintzan eta brontzegintzan ari zirenei ere.

13. Langileek gogoz ekin zioten konponketari eta haien ahaleginaz aurrera zihoan lana. Horrela, bere lehengo itxura eman zioten Jainkoaren etxeari eta sendotu.

14. Lanak bukatzean, gainerako dirua erregeari eta Joiadari eraman zieten, eta hauek tenpluko kulturako eta erre-oparietarako behar ziren tresnak, urrezko eta zilarrezko ontzi eta gauzak eginarazi zituzten.Joiada apaiza bizi izan zen bitartean, hutsik egin gabe, egunero eskaini ohi ziren erre-opariak Jaunaren etxean.

15. Baina, zahartzaro luzearen ondoren, ehun eta hogeita hamar urte zituelarik hil zen.

16. Daviden Hirian lur eman zioten, erregeen ondoan, on handia egin baitzuen Israelen, Jainkoaren eta tenpluaren alde.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 24