Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 24:13-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Langileek gogoz ekin zioten konponketari eta haien ahaleginaz aurrera zihoan lana. Horrela, bere lehengo itxura eman zioten Jainkoaren etxeari eta sendotu.

14. Lanak bukatzean, gainerako dirua erregeari eta Joiadari eraman zieten, eta hauek tenpluko kulturako eta erre-oparietarako behar ziren tresnak, urrezko eta zilarrezko ontzi eta gauzak eginarazi zituzten.Joiada apaiza bizi izan zen bitartean, hutsik egin gabe, egunero eskaini ohi ziren erre-opariak Jaunaren etxean.

15. Baina, zahartzaro luzearen ondoren, ehun eta hogeita hamar urte zituelarik hil zen.

16. Daviden Hirian lur eman zioten, erregeen ondoan, on handia egin baitzuen Israelen, Jainkoaren eta tenpluaren alde.

17. Joiada hiltzean, Judako buruzagiak erregea agurtzera etorri ziren, eta erregeak entzun egin zien.

18. Jaunaren, beren arbasoen Jainkoaren, tenplua utzirik, zutoin sakratuei eta idoloei kultua ematen hasi ziren. Halako bekatuak Jaunaren haserrea piztu zuen Juda eta Jerusalemen aurka.

19. Jaunak profetak bidali zizkien beregana itzularazteko; baina, profetek burubide onak eman arren, ez zieten entzun.

20. Jainkoaren espirituak harturik, Joiada apaizaren seme Zakariasek, jendeari aurre eginez, esan zuen: «Hau dio Jainkoak: “Zergatik hautsi dituzue Jaunaren aginduak? Gaizki bukatu behar duzue. Zuek ni baztertu nauzuelako, nik ere baztertu egiten zaituztet”».

21. Zakariasen kontra jaiki eta, erregearen aginduz, harrika eman zioten denek Jaunaren etxeko atarian.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 24