Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 22:1-7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jerusalemgo bizilagunek, Joramen ondoren, beronen seme gazteena, Akazias, izendatu zuten errege, seme zaharrago guztiak hil egin baitzituen arabiarrekin batera kanpalekura sartu zen basati-talde hark. Horrela, beraz, Judako errege Joramen seme Akazias gertatu zen errege.

2. Hogeita bi urte zituen errege izaten hastean eta urte bete izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Atalia zuen izena eta Omriren alaba zen.

3. Akaben senitartekoen jokabide bera hartu zuen Akaziasek, bere amak okerrerako aholkuak ematen baitzizkion.

4. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Akaben senitartekoen antzera; izan ere, bere hondamenerako, bere ahaide haiek hartu zituen aholkulari, bere aita hil ondoren.

5. Hauen aholkuz joan zen Akazias, Akaben seme Joram Israelgo erregearekin batera, Galaadeko Ramot hirian Siriako errege Hazaelen kontra borrokatzera. Baina siriarrek zauritu egin zuten Joram.

6. Hau Izreelera itzuli zen, Siriako errege Hazaelen kontrako borrokan Raman egin zizkioten zauriak sendatzera. Joramen seme eta Judako errege Akazias Akaben seme Joram ikustatzera joan zen Izreelera, zauritua baitzegoen hura.

7. Jorami egindako ikustaldi hartaz baliatu zen Jauna Akazias hondatzeko. Izan ere, Joramekin zegoen bitartean, Nimxiren seme Jehuri aurre egitera irten behar izan zuen. Jaunak errege aukeratua zuen Jehu, Akaben errege-etxea suntsitzeko.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 22