Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 10:7-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Kontseilariek erantzun zioten:—Onez hartu, amore eman eta hitz onez erantzuten badiezu, zerbitzari izanen dituzu beti.

8. Roboamek, ordea, ez zuen aintzat hartu kontseilarien aholkua; baizik eta berarekin batera hazi eta bere zerbitzura zituen gazteei galdegin zien:

9. —Zer aholkatzen didazue? Zer erantzun behar diot gure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu didan herriari?

10. Erregearen kideko ziren gazteek erantzun zioten:—Hona zer erantzun behar diozun zure aitak ezarri zion uztarria arintzeko eskatu dizun herri horri: «Nire atzamar txikia lodiagoa da gure aitaren gerria baino.

11. Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

12. Hiru egunen buruan etorri ziren Jeroboam eta herri osoa Roboamengana, itzultzeko esana zien egunean.

13. Roboam erregeak oso zakar erantzun zien, kontseilariek emana zioten aholkua aintzat hartu gabe

14. eta gazteek emanaren arabera: «Gure aitak uztarri astuna ezarri zizuela? Astunagoa ezarriko dizuet nik! Gure aitak larruzko zartailuz zigorkatzen zintuztela? Burdinazko muturdunez zigorkatuko zaituztet nik!»

15. Erregeak, beraz, ez zion entzun herriari. Eta horretaz baliatu zen Jainkoa, Xiloko Ahias profetaren bidez Jaunak Nebaten seme Jeroboami esana betetzeko.

16. Israel herriak, erregeak kasurik ere ez ziola egiten oharturik, ihardetsi zion:«Ez dugu deus ere nahi Davidekin!Ez dugu parterik nahiJeseren semearekin!Zeuen etxoletara, israeldarrok!Zaindu zeuk zeure etxea, David!»Horrela, bada, israeldarrak beren etxoletara joan ziren.

17. Hala ere, Judako hirietan bizi ziren israeldarrek Roboam izan zuten errege.

18. Lanera behartutakoen arduradun zen Adoram bidali zuen Roboamek, baina israeldar guztiek harrika eman eta hil egin zuten. Orduan, Roboam erregea bere guda-gurdira bizkor igo eta Jerusalemera joan zen ihesi.

19. Honela banandu zen Israel Daviden errege-etxetik gaurdaino.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 10