Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 6:10-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak esandako tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoten zen.

11. Urduri zebilen Siriako erregea arazo horrengatik; hala, bere gudalburuei dei egin eta esan zien:—Esadazue gure arteko zein dabilen Israelgo erregearen alde!

12. Gudalburu batek erantzun zion:—Inor ere ez, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten dizkio Israelgo erregeari zuk esaniko guztiak, baita logelan esanikoak ere.

13. Erregeak agindu zuen:—Jakizue non den eta harrapatzeko aginduko dut.Dotanen zela adierazi ziotenean,

14. gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, guda-gurdi eta guzti; gauez heldu eta inguratu egin zuten hiria.

15. Goizean goiz jaiki zen Jainkoaren gizonaren morroia eta, gudariek beren zaldi, guda-gurdi eta guzti hiria inguratua zutela ikustean, esan zion Eliseori:—Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?

16. Eliseok erantzun:—Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino.

17. Orduan, Eliseok otoitz egin zuen, esanez: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan».Ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta guda-gurdiz josia zegoela ikusi zuen.

18. Siriarrak Eliseoren aurka abiatu zirenean, profetak otoitz egin zion Jaunari: «Itsutu jende hori!» Eta Jaunak itsutu egin zituen, Eliseok eskatu bezala.

19. Orduan, Eliseok esan zien:—Ez duzue hau bidea, ezta hiria ere. Jarraitu niri, nik gidatuko zaituztet bilatzen ari zareten gizonarengana.Eta Samariara eraman zituen.

20. Samariara heltzean, Eliseok esan zuen:—Ireki iezazkiezu begiak, Jauna, eta ikus dezatela.Ireki zizkien, beraz, Jaunak begiak eta Samaria erdian zeudela ikusi zuten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 6