Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 6:1-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Behinola, profeta-taldeak esan zion Eliseori:—Zurekin biltzeko dugun biltzar-toki hau estuegia da guretzat.

2. Utz iezaguzu Jordaneraino joaten, bakoitzak haga bana hartu eta biltzar-toki egokiagoa eraiki dezagun.Eliseok erantzun zien:—Zoazte, bada.

3. Haietarik batek, ordea, esan zion:—Zatoz zu ere gurekin, mesedez.Eta Eliseok:—Joango naiz, bada.

4. Hala, haiekin joan zen. Jordanera heldu eta zuhaitzak botatzen hasi zirenean,

5. zuhaitza jotzen ari zen bati aizkora kirtenetik atera eta uretara jausi zitzaion. Garrasika hasi zen hura, esanez:—Ai ene jauna! Bestek utzia nuen!

6. Jainkoaren gizonak galdetu zion:—Nora jausi zaizu?Erakutsi zion hark tokia, eta Eliseok adar bat moztu eta hara bota zuen; orduan, ur-azalean agertu zen aizkora.

7. Eliseok esan zion:—Hartzazu.Eskua luzatu eta hartu egin zuen.

8. Siriako erregea liskarretan zebilen Israelgo erregearen kontra. Bere gudalburuekin biltzarra egin zuen batean, esan zien:—Ezar ditzagun guda-etxolak halako tokian.

9. Jainkoaren gizonak, orduan, ohar hau bidali zion Israelgo erregeari: «Kontu! Ez igaro toki hartatik, hara jaitsi baitira siriarrak».

10. Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak esandako tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoten zen.

11. Urduri zebilen Siriako erregea arazo horrengatik; hala, bere gudalburuei dei egin eta esan zien:—Esadazue gure arteko zein dabilen Israelgo erregearen alde!

12. Gudalburu batek erantzun zion:—Inor ere ez, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten dizkio Israelgo erregeari zuk esaniko guztiak, baita logelan esanikoak ere.

13. Erregeak agindu zuen:—Jakizue non den eta harrapatzeko aginduko dut.Dotanen zela adierazi ziotenean,

14. gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, guda-gurdi eta guzti; gauez heldu eta inguratu egin zuten hiria.

15. Goizean goiz jaiki zen Jainkoaren gizonaren morroia eta, gudariek beren zaldi, guda-gurdi eta guzti hiria inguratua zutela ikustean, esan zion Eliseori:—Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?

16. Eliseok erantzun:—Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino.

17. Orduan, Eliseok otoitz egin zuen, esanez: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan».Ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta guda-gurdiz josia zegoela ikusi zuen.

18. Siriarrak Eliseoren aurka abiatu zirenean, profetak otoitz egin zion Jaunari: «Itsutu jende hori!» Eta Jaunak itsutu egin zituen, Eliseok eskatu bezala.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 6