Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 4:5-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Emakumea, Eliseogandik alde eginik, bere semeekin etxean sartu zen eta atea itxi. Semeek ontziak ekarri ahala, amak olioa isurtzen zuen barrura.

6. Bete zituenean, esan zion semeetako bati:—Ekarri beste ontzi bat.Semeak erantzun:—Ez dago besterik.Eta gelditu egin zen olio-jarioa.

7. Emakumea gertatuaren berri Jainkoaren gizonari ematera joan zenean, esan zion honek:—Saldu olioa, ordaindu zorra, eta gainerakoaz bizi zaitezte semeak eta hirurok.

8. Egun batez, Eliseo Xunemdik igaro zen. Bazen han etxekoandre ospetsu bat, eta bere etxean bazkaltzera sarrarazi zuen Eliseo. Harrezkero, handik igarotzen zen bakoitzean, bertan gelditu ohi zen bazkaltzera.

9. Behinola, esan zion emakumeak senarrari:—Hara, badakit gure etxera etorri ohi den hori Jainkoaren gizon santu bat dela.

10. Egin diezaiogun goian gelatxo bat, horma batzuk jasoz; ohea, mahaia, aulkia eta argiontzia ipiniko dizkiogu bertan. Horrela, etxera etortzean, geldi dadila bertan.

11. Heldu zen, bada, behin Eliseo eta, goiko gelara sarturik, oheratu egin zen.

12. Gero, agindu zion Gehazi bere morroiari:—Deitu emakume xunemdar horri.Egin zion dei eta etorri zen emakumea morroiarengana.

13. Eliseok agindua zion hau esateko: «Honenbeste lan hartu duzu guregatik! Zer egin dezakegu zure alde? Nahi al duzu erregeari nahiz gudalburuari zure alde hitz egitea?»Emakumeak erantzun zuen:—Ez! Ongi bizi naiz neure herritarren artean.

14. Eliseok, berriro, morroiari:—Zer egin beraren alde?Gehazik erantzun zion:—Hara, ez du haurrik eta senarra zahartua du.

15. Eliseok morroiari:—Dei egiozu.Egin zion dei eta emakumea ate ondora etorri zen.

16. Eliseok esan zion:—Datorren urtean garai honetan semea izanen duzu altzoan.Emakumeak ihardetsi:—Ez, ene jauna, Jainkoaren gizon hori, ez esan gezurrik zeure mirabe honi.

17. Alabaina, emakumea haurdun gertatu zen eta hurrengo urtean, garai berean, semea izan zuen, Eliseok esana zionez.

18. Hazi zen haurra. Baina egun batez, bere aita igitariekin ari zen tokira joan eta

19. honela hasi zitzaion aitari:—Hau buruko mina! Hau buruko mina!Aitak agindu zion morroi bati:—Eramazu amarengana!

20. Morroiak eraman zion mutikoa amari eta honek magalean hartu zuen haurra; baina eguerdian hil egin zitzaion.

21. Amak gora eraman eta Jainkoaren gizonaren ohean etzan zuen; gero, gelatik irten eta atea itxi zuen.

22. Eta bere senarrari dei egin eta esan zion:—Bidal iezazkidazu, arren, morroi bat eta asto bat. Jainkoaren gizonarengana joan behar dut bizkor. Berehala nator.

23. Senarrak, orduan:—Zer dela-eta joan behar duzu gaur bertan? Ez da ilberri-jaia, ezta larunbat-jaia ere.Emazteak erantzun:—Ez axolatu!

24. Txalmatu zuen astoa eta esan zion morroiari:—Eraman astoa uhaletik eta ez gelditu bidean nik esan arte.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 4