Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 4:32-39 Elizen Arteko Biblia (EAB)

32. Eliseok, etxera heltzean, haurra hila aurkitu zuen bere ohe gainean.

33. Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin zion Jaunari.

34. Gero, haurraren gainean etzan zen, bere ahoa haurraren aho gainean, begiak begi gainean eta eskuak esku gainean ezarriz. Horrela, haurraren gainean etzana zegoelarik, berotzen hasi zen haurraren gorputza.

35. Eliseo jaiki eta harat-honat ibili zen etxean barrena. Gero, berriro etzan zen haurraren gainean. Mutikoak eztul egin zuen zazpi aldiz eta begiak ireki zituen.

36. Eliseok Gehaziri dei egin eta agindu zion:—Esan emakume xunemdarrari etortzeko.Deitu eta etorri zenean, Eliseok esan zion emakumeari:—Tori semea!

37. Emakumea Eliseoren oinetaraino ahuspeztu zen. Gero, semea hartu eta alde egin zuen.

38. Eliseo Gilgalera itzuli zen. Gosete handia zegoen lurralde hartan. Behin, profeta-taldea aurrean zuela, agindu zion Eliseok bere mutilari:—Ipini sutan eltze handia eta egin eltzekaria profeta-taldearentzat.

39. Profeta haietariko bat landara atera zen belarren batzuk biltzera. Basa mahatsondo-tankerako bat aurkitu eta golkoa bete basafruitu hartu zuen handik. Zer ziren jakin ez arren, itzuli zenean, zatitu eta eltzera sartu zituen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 4