Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 4:31-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. Aurretik joana zen Gehazi. Ipini zuen makila haurraren aurpegi gainean, baina haurrak ez zuen hitzik egin, ezta zirkinik ere. Itzuli zen, orduan, Gehazi Eliseoren bila eta esan zion:—Haurra ez da esnatu.

32. Eliseok, etxera heltzean, haurra hila aurkitu zuen bere ohe gainean.

33. Gelara sartu, atea itxi eta otoitz egin zion Jaunari.

34. Gero, haurraren gainean etzan zen, bere ahoa haurraren aho gainean, begiak begi gainean eta eskuak esku gainean ezarriz. Horrela, haurraren gainean etzana zegoelarik, berotzen hasi zen haurraren gorputza.

35. Eliseo jaiki eta harat-honat ibili zen etxean barrena. Gero, berriro etzan zen haurraren gainean. Mutikoak eztul egin zuen zazpi aldiz eta begiak ireki zituen.

36. Eliseok Gehaziri dei egin eta agindu zion:—Esan emakume xunemdarrari etortzeko.Deitu eta etorri zenean, Eliseok esan zion emakumeari:—Tori semea!

37. Emakumea Eliseoren oinetaraino ahuspeztu zen. Gero, semea hartu eta alde egin zuen.

38. Eliseo Gilgalera itzuli zen. Gosete handia zegoen lurralde hartan. Behin, profeta-taldea aurrean zuela, agindu zion Eliseok bere mutilari:—Ipini sutan eltze handia eta egin eltzekaria profeta-taldearentzat.

39. Profeta haietariko bat landara atera zen belarren batzuk biltzera. Basa mahatsondo-tankerako bat aurkitu eta golkoa bete basafruitu hartu zuen handik. Zer ziren jakin ez arren, itzuli zenean, zatitu eta eltzera sartu zituen.

40. Atera zieten, gero, eltzekaria gizonei, baina, dastatu bezain agudo, esan zuten garrasika:—Honek pozoia du, Jainkoaren gizon!Eta ezin izan zuten jan.

41. Jainkoaren gizonak agindu zuen:—Ekardazue irina!Eltzera bota eta esan zuen:—Atera jendeari eta jan dezatela.Ez zegoen ezer txarrik eltzean.

42. Etorri zen behin Baal-Xalixako gizaseme bat, ogi-hasikinak Jainkoaren gizonari ekarriz: hogei garagar-opil eta gari berria bide-zorroan. Eliseok esan zuen:—Banatu jendeari, jan dezaten.

43. Morroiak galdetu zion:—Nola banatuko dut hau ehun gizonen artean?Eliseok erantzun:—Banatu jendeari, eta jan dezatela. Hau baitio Jaunak: «Jango dute eta sobera geldituko da».

44. Banatu zuen, beraz, morroiak ogia jende artean, jan zuten eta sobera gelditu zen, Jaunak esan bezala.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 4