Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 3:10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Israelgo erregeak esan zuen:—Gureak egin du! Moabdarren eskuetan eror gaitezen bildu gaitu hemen Jaunak.

11. Josafatek esan zuen:—Ez ote da hemen Jaunaren profetarik, beraren bidez Jaunari galdegin ahal izateko?Israelgo erregearen zerbitzarietako batek esan zuen:—Hemen dugu Xafaten seme Eliseo. Eliasen laguntzaile izana da.

12. Josafatek, orduan:—Horren bidez hitz egingo digu Jaunak.Eta berarengana jaitsi ziren Israelgo erregea, Josafat eta Edomgo erregea.

13. Eliseok esan zion Israelgo erregeari:—Utz nazazu bakean! Galdegiezu zeure aita-amen profetei.Israelgo erregeak ihardetsi zion:—Ez! Moabdarren eskuetan uzteko bildu gaitu Jaunak hiru erregeok.

14. Eliseok, orduan:—Ala Jaun ahalguztiduna, bere zerbitzari nauena! Judako errege Josafaten begirunez izan ez balitz, ez nizukeen inolako kasurik egingo, ezta begiratu ere.

15. Tira! Ekardazue harpa-jotzaile bat.Eta harpa-jotzailea jotzen ari zela, Jaunaren indarrak hartu zuen Eliseo,

16. eta esan zuen:—Hau dio Jaunak: «Egizue erreten ugari haran honetan.

17. Izan ere, nahiz eta zuek haizerik ez sumatu, ez euririk ikusi, urez beteko da haran hau eta edan ahal izanen duzue bai zeuek, bai zuen abere eta zamariek».

18. Hori ez ezik, eskuetara emango dizkizue Jaunak moabdarrak.

19. Hiri gotortu eta hiri nagusi guztiak xehatuko dituzue, fruta-arbolak ebakiko, iturburu guztiak itxiko eta lur landuak hondatuko harriz betez.

20. Biharamun goizean, oparia eskaintzeko orduan, uholdea etorri zen Edom aldetik, eta lurralde hura urez bete zen.

21. Moabdarrek, beren aldetik, errege haiek erasotzera zetozkiela jakitean, armak hartzeko adinean zeuden guztiak eta zaharragoak ere bildu eta mugetan kokatu zituzten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 3