Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 24:5-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Joiakimen gainerako jarduerak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

6. Joiakim hil zenean, beraren seme Joiakin izan zen errege.

7. Egiptoko erregea ez zen aurrerantzean bere lurraldetik atera; izan ere, lehen, Egiptoko muga-errekatik Eufrates ibairaino, egiptoarren menpe egoniko guztia, orain Babiloniako erregearen menpe zegoen.

8. Hemezortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta zuen izena eta Jerusalemgo Elnatanen alaba zen.

9. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Joiakinek, gauza guztietan bere aitak bezalaxe jokatuz.

10. Aldi hartan, Babiloniako errege Nabukodonosorren ofizialek Jerusalemen kontra igo eta setiatu egin zuten.

11. Horretan ari zirela, Babiloniako errege Nabukodonosor bera heldu zen.

12. Orduan, Judako errege Joiakin Babiloniako erregeari menderatu egin zitzaion, bere ama, ofizial, buruzagi eta funtzionarioekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu zuen. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zen.

13. Jaunak esana zuenez, Jaunaren etxeko eta jauregiko altxor guztiak eraman zituen Nabukodonosorrek, eta Israelgo errege Salomonek Jaunaren tenplurako egin zituen urrezko tresna guztiak hautsi.

14. Jerusalemgo jende guztia erbestera eraman zuen, buruzagi zein handiki. Guztira hamar mila erbesteratu. Errementari eta sarrailgileak ere eraman zituen. Herriko jende xehea bakarrik utzi zuen.

15. Joiakin erregea ere erbesteratu zuen Jerusalemdik Babiloniara, beraren ama, emazte, funtzionario eta Judako aitoren semeekin batera.

16. Zazpi mila handiki ere eraman zituen Babiloniako erregeak, baita mila errementari eta sarrailgile ere, denak gudari izateko gai. Babiloniara eraman zituen denak gatibu.

17. Ondoren, Nabukodonosorrek Joiakinen osaba Matanias izendatu zuen errege. Eta izena aldatu zion, Sedekias deituz.

18. Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 24