Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 23:23-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

23. Josiasen erregealdiko hemezortzigarren urtean ospatu zuten Pazko-jai hura Jerusalemen Jaunaren ohoretan.

24. Hilkias apaizak Jaunaren etxean aurkitu zuen lege-liburuko aginduak betez, Josiasek desagerrarazi egin zituen Jerusalemdik eta Juda lurralde osotik hildakoen espirituei dei egiten zieten guztiak eta igarleak; eta etxe-jainkoen irudiak, idoloak eta irudi nazkagarriak hautsi egin zituen.

25. Ez Josiasen aurretik, ez ondotik ez zen izan bere bihotz, gogo eta indar guztiaz Jaunarengana itzuli zen beste erregerik; denetan bete zituen Josiasek Moisesen irakaspenak.

26. Hala ere, Jaunari ez zitzaion baretu Judaren kontra zuen haserre bizia, Manasesek egin zizkion irain izugarriak zirela eta.

27. Esan zuen Jaunak: «Urrundu egingo dut neure aurretik Juda ere, Israel urrundu nuen bezala. Zapuztu egingo ditut aukeratu nuen Jerusalem hiria eta egonlekutzat hartua nuen tenplua».

28. Josiasen gainerako jarduerak eta egintzak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

29. Josiasen egunetan Egiptoko erregea, Neko faraoia, Asiriako erregeari laguntzera joan zen Eufrates ibai ingurura. Josiasek aurre egin zion faraoiari, baina honek, borrokan hasi orduko, hil egin zuen Josias Megidon.

30. Ofizialek Megidotik Jerusalemera guda-gurdi batean gorpua eraman eta bere hilobian lur eman zioten Josiasi. Orduan, herriko jendeak Josiasen seme Joakaz gantzutu eta izendatu zuen errege, bere aitaren ordez.

31. Hogeita hiru urte zituen Joakazek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.

32. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, bere aurrekoek bezala.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 23