Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 21:1-14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Hamabi urte zituen Manasesek errege izaten hastean eta berrogeita hamabost urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Heftzi-Ba zuen izena.

2. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Manasesek, Jaunak israeldarren aurretik bota zituen herrien ohitura higuingarrien arabera jokatuz.

3. Beraren aita Ezekiasek deseginak zituen muinoetako kultu-lekuak berreraiki zituen eta aldareak egin Baalen kulturako. Zutoin sakratua ere egin zuen, Israelgo errege Akabek garai batean bezala eta izar guztiei kultu eman zien, haien aurrean ahuspeztuz.

4. Aldareak ezarri zituen Jaunaren etxean jainko arrotzentzat, tenplu hartaz Jaunak hau esana zuen arren: «Jerusalem dut neure egoitza».

5. Izar guztien omenez aldareak egin zituen Jaunaren etxeko bi atarietan.

6. Bere semea oparitzat eskaini zuen, sutan errez. Sorginkeria eta aztikeriatan ibili zen; jarduteko aukera eman zien nekromante eta igarleei. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen etengabe, Jauna haserraraziz.

7. Gainera, Axera jainkosaren irudia ere egin zuen eta tenpluan ezarri, Jaunak tenplu hari buruz Davidi eta beronen seme Salomoni honako hau esana zien arren: «Tenplu hau eta Israelgo leinu guztien artean aukeratu dudan Jerusalem hiri hau izanen ditut betikotasunean neure egoitza.

8. Ez dut Israel bere arbasoei eman nien lurraldetik urrun ibilaraziko, baldin eta agindu diedana eta ene zerbitzari Moisesek eman zien irakaspena osorik betetzen badute».

9. Haiek, aldiz, ez zuten aditu, eta Manasesek eginarazi zien okerra, antzina Jaunak israeldarren aurretik suntsitu zituen herriena baino askoz handiagoa izan zen.

10. Orduan, honela mintzatu zen Jauna bere zerbitzari profeten bidez:

11. «Judako errege Manasesek bere aurretiko amortarrek baino egintza higuingarriagoak egin dituenez eta, sasijainkoak direla eta, judatarrei bekatu eginarazi dienez,

12. hona zer diodan nik, Jaunak, Israelen Jainko honek: Hondamen izugarria bidaliko dut Jerusalem eta Judaren kontra; entzun dezaten guztiei bi belarriek durundi egingo diete.

13. Samaria eta Akaben etxea neurtu nituen neurriz neurtuko dut Jerusalem ere; marruskatu egingo dut Jerusalem, garbitzeko alde batetik eta bestetik platera marruskatu ohi den bezala.

14. Ene herri Israelen azken zatia dudan Juda ere utzi egingo dut eta etsaien eskuetara emango, berauen harrapakin izan dadin.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 21