Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 2:8-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Eliasek bere soingainekoa hartu, biribilkatu eta urak jo zituen harekin. Urak erdiz erdi banandurik, biak lehorrean igaro ziren.

9. Igaro zirenean, esan zion Eliasek Eliseori:—Esadazu zer nahi duzun nik zure alde egitea, Jaunak zure ondotik eraman nazan baino lehen.Eliseok erantzun:—Izan nadila, otoi, zure profeta-espirituaren oinordeko.

10. Eliasek ihardetsi zion:—Gauza zaila eskatzen duzu. Jaunak zure ondotik eramango nauenean ikusten banauzu, hala izango zara; bestela, ez.

11. Biak bidean aurrera hizketan zihoazelarik, suzko zaldiek zeramaten suzko guda-gurdi batek bereizi egin zituen bat-batean bata bestearengandik. Elias zerurantz igo zen haize-zurrunbiloan.

12. Eliseo begira zegoen, eta oihuka zioen:—Ene aita! Ene aita! Israelen zaintzaile indartsua!Ez zuen gehiago ikusi. Orduan, bere jantziak hartu eta erdibi egin zituen.

13. Gero, Eliasi soinetik jausi zitzaion soingainekoa jaso, Jordanera itzuli eta ibai ondoan gelditu zen.

14. Ondoren, Eliasi soinetik jausia zitzaion soingainekoa hartu eta urak jo zituen, esanez:—Jauna, Eliasen Jainkoa, non zara?Eliseok urak jo orduko, erdiz erdi banandu ziren eta Eliseo beste aldera igaro zen.

15. Jerikoko profeta-taldea aurrez aurre zegoen eta, hori ikusirik, esan zuten: «Eliasen espiritua Eliseorengan kokatu da!» Bila joan, aurrean ahuspeztu eta

16. esan zioten:—Badira zure zerbitzarion artean berrogeita hamar gizon kementsu. Utziezu zure nagusiaren bila joaten. Baliteke Jaunaren espirituak eraman eta mendi nahiz haranen batean hura bota izatea.Eliseok erantzun zien:—Ez bidali inor ere!

17. Haiek, ordea, baietz eta baietz ari zitzaizkionez, azkenean esan zien:—Bidal itzazue, bada.Bidali zituzten, beraz, berrogeita hamar gizonak; baina, hiru egunez Eliasen bila ibili arren, ez zuten aurkitu.

18. Orduan, Jerikora Eliseorengana itzuli ziren. Honek esan zien:—Ez al nizuen esan ez joateko?

19. Jerikoko bizilagunak honela mintzatu zitzaizkion Eliseori:—Zeuk, gure jaun horrek, ikus dezakezunez, gure hiri hau toki ederrean egina dago; baina ura txarra dugu eta lurraldea agorra.

20. Eliseok erantzun zien:—Ekardazue katilu berri bat eta ipini gatza bertan.Eta ekarri zioten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 2