Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 19:3-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. esatera: «Hau dio Ezekiasek: Larritasun-, zigor- eta lotsa-eguna dugu gaurkoa. Haurra izateko zorian, eta egiteko indarrik gabe dagoen emakumearen antzeko gara.

4. Jainko bizia laidotzera bidali du Asiriako erregeak bere ordezkari nagusia. Entzungo al zituen Jaunak, zure Jainkoak, hark esan dituen irainak, eta zigortuko al du, entzun behar izan dituen irain guztiengatik! Eta zuk egizu otoitz oraindik bizirik dirautenen alde».

5. Hala, joan ziren Ezekias erregearen funtzionarioak Isaiasengana.

6. Isaiasek erantzun zien: «Emaiozue zeuen nagusiari Jaunaren mezu hau: “Ez beldurtu entzun dituzun hitzengatik; ni iraintzeko esan dituzte halakoak Asiriako erregearen ofizial horiek.

7. Hara, zurrumurruren bat helaraziko diot eta, orduan, bere lurraldera itzuliko da. Han hil egingo dute ezpataz”».

8. Ordezkari nagusiak, itzultzean, jakin zuen Asiriako erregea Lakixtik joana zela Libna hiriari erasotzera, eta han aurkitu zuen.

9. Handik, Etiopiako errege Tirhaka borrokatzeko asmoz zetorkiola jakin zuelarik, Senakeribek mezulariak bidali zizkion berriro Ezekiasi,

10. Judako erregeari, esatera: «Ustea berarengan duzun arren, ez zaitzala engaina zeure Jainko horrek, Jerusalem nire eskuetan ez dela eroriko esaten dizunean.

11. Zeuk entzun duzu zer egin dieten Asiriako erregeek herrialde guztiei: erabat hondatu. Eta zu libratuko zarelakoan al zaude?

12. Nire aurreko erregeek Gozan, Harran, Retzef eta Telasarren bizi ziren edendarrak hondatu zituztenean, libratu al zituzten beren jainkoek?

13. Non dira Hamateko, Arpadeko, Lairreko, Sefarbaimgo, Henako eta Ibako erregeak?»

14. Hartu zuen Ezekiasek gutuna mandatarien eskutik eta, irakurri ondoren, Jaunaren etxera joan zen eta, gutuna Jaunaren aurrean zabaldurik,

15. honela egin zion otoitz: «Jauna, Israelen Jainkoa, hegaldun izakien arteko tronuan eseria zauden hori, zu zara munduko erreinu guztien Jainko bakarra. Zuk eginak dira zeru-lurrak.

16. Itzul belarria niregana, Jauna, eta entzun. Zabaldu begiak, Jauna, eta ikusi. Entzun nolako irainak zuzendu dizkizun Senakeribek zuri, Jainko bizi horri.

17. Egia da, bai, Jauna, Asiriako erregeek birrindu egin dituztela herriak eta berauen lurraldeak,

18. eta suari eman dizkiotela berauen jainkoak; ez baitziren Jainko, zurezko nahiz harrizko irudi huts baizik, giza eskuek eginak. Horregatik xehatu ahal izan dituzte.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 19