Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 15:17-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege.

18. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; bere bizitza osoan ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.

19. Asiriako errege Pul Israelgo lurraldean sartu zen; baina Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman zizkion Puli, erregetza bere eskuetan sendotzen lagun ziezaion.

20. Asiriako erregearentzat zilar-kopuru hori bildu ahal izateko, Israelgo aberats guztiei zilarrezko berrogeita hamarna txanpon emanarazi zien, zergatzat. Asiriako erregea, Israelen gelditu gabe, bere erreinura itzuli zen.

21. Menahemen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

22. Hil zenean, haren seme Pekahias izan zen errege, beraren ordez.

23. Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekahias, Menahemen semea; bi urtez izan zen errege.

24. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen; ez zen aldendu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.

25. Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpilana egin zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, hil egin zuen erregea Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batera. Pekahias hiltzean, Pekah izan zen errege.

26. Pekahiasen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

27. Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege.

28. Jaunaren begietan oker dena egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.

29. Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Iion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen.

30. Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen.

31. Pekahen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

32. Ramaliasen seme zen Israelgo Pekahen erregealdiko bigarren urtean hasi zen errege izaten Judako Jotam, Uziasen semea.

33. Hogeita bost urte zituen errege izaten hastean, eta hamasei urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jeruxa zuen izena eta Tzadoken alaba zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 15