Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 14:16-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten Joax, Israelgo erregeen ondoan. Ondorengo erregea haren seme Jeroboam izan zen.

17. Israelgo errege Joax, Joakazen semea, hil eta gero, beste hamabost urtez bizi izan zen Judako errege Amatzias, Joaxen semea.

18. Amatziasen gainerako jarduerak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

19. Azpilana egin zuten batzuek Amatziasen aurka Jerusalemen. Erregeak Lakixera egin zuen ihes. Baina haren ondoren jendea Lakixeraino bidali eta bertan hil zuten.

20. Gero, zaldi gainean hartu, Jerusalemera eraman eta bere arbasoen ondoan Daviden Hirian ehortzi zuten.

21. Orduan, Judako herri osoak Azarias, hamasei urteko gaztea, izendatu zuen errege, bere aita Amatziasen ordez.

22. Hau hil zenean, Elat hiria Judarentzat berreskuratu eta berreraiki zuen Azariasek.

23. Judako errege Joaxen seme Amatziasen erregealdiko hamabosgarren urtean hasi zen Samarian errege izaten Jeroboam, Israelgo errege Joaxen semea. Berrogeita bat urtez izan zen errege.

24. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen, Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik aldendu gabe.

25. Hamateko sarreratik Araba itsasorainoko lurraldea berreskuratu zuen Israelentzat, Gat-Heferreko Amitairen seme Jonas bere zerbitzari profetaren bidez Jaunak, Israelen Jainkoak, esana zuen bezala.

26. Izan ere, ikusi zuen Jaunak israeldar guztien atsekabe garratza, ez baitzegoen inor ere Israeli lagunduko zionik.

27. Eta Jaunak ez zuen erabakia Israel zerupetik ezabatzea; horregatik salbatu zituen israeldarrak Joaxen seme Jeroboamen eskuz.

28. Jeroboamen gainerako jarduerak, egintza guztiak, ekintza bizkorrak eta Judarenak izandako Damasko eta Hamat hiriak Israelentzat berreskuratzeko eginiko guduak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

29. Hil zenean, Israelgo erregeen ondoan ehortzi zuten Jeroboam. Ondorengo erregea beroren seme Zakarias izan zen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 14