Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 11:1-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Akazias zenaren ama Ataliak, semea hila zuela jakitean, erregearen senitarteko guztiak hiltzea erabaki zuen.

2. Baina Judako errege izana zen Joramen alaba eta Akaziasen arreba Joxebak Akaziasen seme Joax hartu, hil behar zituzten errege-senitartekoen artetik atera eta, inudearekin batera, tenpluko logela batean sartu zuen. Horrela atera zuten Ataliaren atzaparretatik, eta ez zuten hil.

3. Sei urtez egon ziren inudea eta biak Jaunaren etxean gorderik, Atalia lurralde hartan erregina izan zen bitartean.

4. Zazpigarren urtean, kariarren eta gudarien ehuntariak etorrarazi zituen Joiada apaizak bere aurrera, Jaunaren etxera. Haiekin hitzarmena burutu eta zin eragin zien Jaunaren etxean. Ondoren, errege-semea erakutsi zien,

5. eta agindu hau eman: «Hona zer egin behar duzuen: zuetarik jauregia zaintzera larunbatez sartzen den taldeak,

6. Sur deritzan atean guardia egiten duen taldeak eta gudari-toki atzeko atean egoten den taldeak txandaka zainduko duzue tenplua.

7. Zaintzaldia larunbatez bukatzen duten bi taldeek erregea dagoen tenpluko alderdia zainduko dute.

8. Nork bere armak eskuan dituela, erregearen inguruan jarriko zarete, eta norbaitek zuen tartetik harengana sartu nahi izango balu, hil ezazue. Lagundu erregeari toki guztietara».

9. Ehuntariek zehatz bete zuten Joiada apaizak agindu guztia: zaintzaldia larunbatez hasten nahiz bukatzen zuten gizonak hartu eta Joiadaren aurrera etorri ziren.

10. Orduan, apaizak David erregearen lantza eta babeskiak eman zizkien ehuntariei, arma haiek Jaunaren etxean baitzeuden jasoak.

11. Guardiak, armak eskuetan, tenpluaren eskuinaldetik ezkerralderaino jarri ziren, aldare eta tenpluaren artean, erregea inguratzeko.

12. Orduan, Joiadak erregearen seme Joax aterarazi, koroa ezarri eta itunaren agiria eman zion, eta olioa isuriz, errege gantzutu zuen. Jende guztiak, txaloka, honela zioen oihuka: «Gora erregea!»

13. Han bildutako guardien eta jendearen zarata-hotsa entzutean, Jaunaren etxera jo zuen Ataliak, jendearengana.

14. Eta begiratzean, erregea ikusi zuen oholtza gainean zutik, ohi zen bezala. Buruzagiak eta turuta-jotzaileak erregearen ondoan zeuden; herriko jendea, berriz, pozez beterik zebilen, turuten soinura. Ataliak, bere soinekoak urratuz, garrasi egin zuen:—Traizioa! Traizioa!

15. Orduan, Joiada apaizak, ez baitzuen nahi Atalia Jaunaren etxean hil zezaten, hau agindu zien gudarostearen buruzagi ziren ehuntariei:—Atera ezazue tenplutik, zeuen lerro artetik. Norbaitek jarraitzen badio, hil ezpataz.

16. Atzeman zuten, bada, Atalia, eta jauregira, zaldien atera heltzean, bertan hil zuten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 11