Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 1:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Akab erregea hil zenean, Israelen kontra jaiki ziren moabdarrak.

2. Akazias Samarian zuen etxeko goiko gelako barandatik amildu zen eta larriki zauritu. Mezulariak bidali zituen mandatu honekin: «Zoazte eta galdetu Ekrongo jainko Baal-Zebubi ea onik aterako naizen zauri hauetatik».

3. Jaunaren aingeruak, ordea, esan zion Tixbeko Eliasi: «Zoaz Samariako erregeak bidali dituen mezularien bila eta esaiezu: “Ez al duzue Jainkoa Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera joan behar izateko?”

4. Hona, bada, Jaunak esan: “Ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara”». Eta joan egin zen Elias.

5. Mezulariak itzuli zirenean, erregeak galdetu zien:—Zergatik itzuli zarete?

6. Haiek erantzun:—Gizon bat atera zaigu bidera eta esan digu: «Tira, itzul zaitezte bidali zaituzten erregeagana eta esaiozue: Hau dio Jaunak: “Ez al duzue Jainkoa Israelen, Ekrongo jainko Baal-Zebubi kontsulta egitera hauek bidali beharra izateko? Hara, ez zara jaikiko etzana zauden ohetik; hil eginen zara” ».

7. Erregeak galdetu zien:—Nolako itxura zuen bidera atera eta horrelakoak esan dizkizuen gizon horrek?

8. Haiek erantzun:—Larruz jantzia zegoen eta gerria larruzko uhalez lotua zeraman.Orduan, erregeak:—Tixbeko Elias!

9. Erregeak buruzagi bat bidali zuen, berrogeita hamar gizonekin, Eliasengana. Igo zen buruzagia Eliasen bila eta mendi tontorrean eseria aurkitzean, esan zion:—Jainkoaren gizon, jaisteko agintzen dizu erregeak.

10. Baina Eliasek erantzun zion buruzagiari:—Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaits dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak!Bat-batean sua zerutik jaitsi eta kiskali egin zituen buruzagia eta berrogeita hamar gizonak.

11. Erregeak berriro beste buruzagi bat bidali zuen Eliasengana, beste berrogeita hamar gizonekin. Buruzagiak esan zion Eliasi:—Jainkoaren gizon, berehala jaisteko agintzen dizu erregeak.

12. Eliasek, berriro ere:—Jainkoaren gizona baldin banaiz, jaits dadila sua zerutik eta kiskal zaitzatela zeu eta zeure berrogeita hamar gizonak.Bat-batean zerutik sua jaitsi eta kiskali egin zituen beste buruzagi hura eta berrogeita hamar gizonak.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 1