Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 9:6-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Morroiak erantzun zion:—Adizu! Bada hiri honetan Jainkoaren gizon ospetsu bat. Horrek dioen bezalaxe gertatu ohi dira gauzak. Goazen berorrengana, ea esaten digun nondik nora ibili.

7. Saulek, orduan, morroiari:—Goazen, bada. Baina zer emango diogu gizon horri? Ez dugu ogirik geure zorroetan, ezta esku-erakutsirik ere Jainkoaren gizon horri emateko. Ba al dugu ezer?

8. Morroiak erantzun zion Sauli:—Nik badut zilarrezko txanpon laurdena; horixe emanen diogu Jainkoaren gizonari, bidea erakuts diezagun.

9. (Antzina, Israelen, Jainkoari kontsulta egitera zihoanak honela esan ohi zuen: «Goazen ikusleagana». Izan ere, orain profeta deritzanari, lehen ikusle zeritzan).

10. Saulek esan zion morroiari:— Ederki esana. Goazen, bada!Eta Jainkoaren gizona bizi zen hirira jo zuten.

11. Hirirantz aldapan gora zihoazela, hara non ikusten dituzten ur bila irten ziren neska batzuk. Honela galdegin zieten:—Hemen al da ikuslea?

12. Neskek erantzun zieten:—Bai, hemen da. Hortxe aurrean duzue. Zabiltzate, beraz, bizkor; muinoan herriaren alde oparia eskaini behar duelako etorri da gaur hirira.

13. Hirian sartu eta berehala aurkituko duzue, opari-otordurako muinora igo dadin baino lehen. Ez da inor jaten hasiko, bera heldu arte, berak bedeinkatu behar baititu opariak, gero gonbidatuek jateko. Igo zaitezte, bada, eta berehala aurkituko duzue.

14. Igo ziren, bada, hiriraino eta, hiriko atetik sartzearekin batera, Samuel agertu zitzaien, muinorantz zihoala.

15. Saul etorri aurreko egunean, jakinarazia zion Jaunak Samueli:

16. «Bihar ordu honetan, Benjamingo gizon bat bidaliko dizut. Horixe gantzutuko duzu, ene herri Israelen buruzagi izateko. Horrek salbatuko du nire herria filistearren menpetik. Ikusi dut, izan ere, ene herriaren atsekabea, eta heldu zait egin didaten oihua».

17. Samuelek Saul ikusi orduko, esan zion Jaunak: «Hona hemen aipatu nizun gizona. Hau izanen da nire herriaren agintaria».

18. Hurbildu zitzaion Saul Samueli hiriko atera, eta esan zion:—Otoi, esadazu non den ikuslearen etxea.

19. Samuelek erantzun zion Sauli:—Neu nauzu ikuslea. Igo nire aurretik muinora eta nirekin jango duzue gaur. Bihar goizean utziko dizut joaten, jakin nahi duzun guztia esan ondoren.

20. Ez kezkatu herenegun galdutako astoez, aurkitu baitituzte. Hara, noren irrikaz dago Israel osoa? Zure eta zure aitaren etxe osoaren irrikaz.

21. Saulek ihardetsi zion:—Zer diozu? Israelgo txikiena den Benjaminen leinukoa baino ez nauzu, eta nire senitartea Benjamingo senitarteetan azkena.

22. Hartu zituen, orduan, Samuelek Saul eta honen mutila, jangelan sarrarazi eta mahaiburuan jarri zituen, bazkaldarren aurrean. Hogeita hamarren bat ziren gonbidatuak.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 9