Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 6:8-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Hartzazue gero Jaunaren kutxa eta ezarri gurdian. Ordain-oparitzat emateko eginen dituzuen urrezko irudiak sartu kutxatila batean eta ipini Jaunaren kutxaren ondoan. Utzi orduan gurdiari joaten.

9. Baina egon begira: bere herrirantz, Bet-Xemexerantz, jotzen badu, bera da halako kalte handia egin diguna; bestela, berriz, jakinen dugu, ez gaituela Jaunaren eskuak ukitu, halabeharrez gertatu zaigula baizik.

10. Halaxe egin zuten: txahalak hazten ari ziren bi behi hartu, uztartu eta gurdian lotu zituzten; txahalak, berriz, ukuiluan utzi zituzten.

11. Ezarri zuten, gero, Jainkoaren kutxa gurdi gainean eta urrezko arratoi eta erlakiztenen irudiak zeuzkan kutxatila ere bai.

12. Behiek Bet-Xemexerako bidetik jo zuten zuzen-zuzen. Aurrera zihoazen bidez bide, marrumaka, ez ezkerrera, ez eskuinera saihestu gabe. Filistearren buruzagiek Bet-Xemexeko mugaraino jarraitu zieten.

13. Bet-Xemexeko jendea garia igitatzen ari zen haranean; begiak jaso eta kutxa ikustean, biziki poztu ziren.

14. Gurdia, Bet-Xemexeko Josueren alorrera heldu zenean, gelditu egin zen. Bazen han harri handi bat; puskatu zuten gurdia egurra egiteko, eta behiak egurraren gainean jarri zituzten, Jaunari erre-oparia eskaintzeko.

15. Lebitarrek eraitsia zuten Jainkoaren kutxa, baita honen ondoan zegoen kutxatila ere; honetan zeuden urrezko irudiak. Ezarri zuten kutxa harri handiaren gainean, eta Bet-Xemexeko jendeak erre-opariak eta eskaintzak egin zizkion Jaunari egun hartan.

16. Filistearren bost buruzagiak, hori ikusi ondoren, Ekronera itzuli ziren egun berean.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 6