Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 4:6-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

6. Filistearrek, deiadar hura aditzean, esan zuten: «Zer dute hebrearrek beren etxoletan horrenbesteko deiadarra egiteko?»Jakin zuten etorria zela kanpalekura Jaunaren kutxa,

7. eta izutu egin ziren. Honela zioten: «Jainkoa etorri zaie kanpalekura. Ai ene! Ez da horrelakorik gertatu orain arte.

8. Ai ene! Nork libratuko gaitu hebrear horien Jainko indartsuaren eskuetatik? Hauxe da egiptoarrak basamortuan era guztietako izurriz jo zituen Jainkoa.

9. Ea, filistearrok, eutsi gogor! Izan gizon eta ez zarete hebrearren menpe egongo, beraiek zuen menpe egon diren bezala. Izan gizon eta ekin guduari!»

10. Ekin zioten, bada, filistearrek erasoari eta menderatu egin zuten Israel. Israeldarrak nor bere etxera joan ziren ihesi. Izugarria izan zen hondamendia: hogeita hamar mila israeldar oinezko erori zen.

11. Filistearrek harrapatu egin zuten Jainkoaren kutxa; Eliren bi semeak, Hofni eta Pinhas, berriz, hilak gertatu ziren.

12. Benjaminen leinuko gizon bat heldu zen lasterka egun hartan guda-zelaitik Xilora, jantziak urraturik eta burua hautsez estalirik.

13. Gizon hura zetorrenean, Eli ate ondoan zegoen aulki batean eseria, bidera begira, Jaunaren kutxaz guztiz kezkatua. Gizon hark hirian sartu eta berria eman zuen; hiri osoa oihuka hasi zen.

14. Aditu zuen Elik oihua eta esan zuen:—Zer dela-eta ari dira garrasika?Etorri zen bizkor gizona eta gertatuaren berri eman zion Eliri.

15. Elik laurogeita hemezortzi urte zituen eta begiak itsuturik; ezin zuen ikusi.

16. Gizonak esan zion Eliri:—Guda-zelaitik nator; gaur bertan egin dut ihes handik.Elik galdegin zion:—Zer gertatu da, ene seme?

17. Albistariak erantzun:—Israeldarrek ihes egin behar izan dute filistearren aurrean, eta hondamena izugarria izan da gure gudarostean. Zure bi seme Hofni eta Pinhas ere hilak dira, eta harrapatu egin digute Jainkoaren kutxa.

18. Jainkoaren kutxa aipatu zionean, Eli aulkitik atzeraka ate ondora erori, garondoa hautsi eta hil egin zen, zahartua eta baldartua baitzegoen. Berrogei urtez izan zen Israelen buruzagi.

19. Eliren erraina, Pinhasen emaztea, haurdun zegoen eta haurra izateko zorian. Jainkoaren kutxa harrapatu zietela eta bere aitaginarreba eta senarra hilak zirela aditu zuenean, kuzkurtu eta haurra izan zuen, erdiminak etorri baitzitzaizkion.

20. Hilzorian zegoelarik, esan zioten inguruan zituen emaginek: «Ez larritu, semea izan duzu».Emakumeak, ordea, ez zuen erantzun, ezta jaramonik egin ere.

21. Haurrari Ikabod ezarri zion izena amak, hau da, «Ospegabe», esanez: «Eraman egin dute Israelen ospea». Jainkoaren kutxa harrapatu izanagatik eta bere aitaginarreba eta senarrarengatik esan zuen hori.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 4