Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 30:15-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. Davidek galdetu zion:—Gida al nazakezu lapur-talde horrengana?Mutilak erantzun:—Egidazu zin Jainkoarengatik ez nauzula hilko, ezta ene jabearen esku utziko ere, eta gidatuko zaitut lapur-talde horrengana.

16. Horrela, bada, gidatu zituen. Landan sakabanaturik aurkitu zituzten jan-edanean, filistearrei eta Judakoei lapurturiko harrapakinen ugariagatik jai egiten.

17. Biharamunean, egunsentitik ilunabarrera oldartu zitzaien David; ezin izan zuen batek ere ihes egin, gamelu gainera igo eta ihesi joan ziren laurehun gazteek izan ezik.

18. Amalektarrek ebatsiriko guztia eskuratu zuen Davidek, baita bere bi emazteak ere.

19. Ez zitzaien inor ere falta, ez txiki eta ez handi, ez seme eta ez alaba, ezta harrapakinik ere. Lapurtua zieten guztia eskuratu zuen Davidek.

20. Artalde eta abere-taldeak ere eskuratu zituen. Jendeak abereak hartu eta Daviden aitzinera eraman zituen, esanez: «Hona Davidentzako harrapakinak».

21. Gero, berrehun gizonengana, nekaturik zeudelako berari jarraitu ezinik Besor ibarrean utzi zituen haiengana, itzuli zen David. Hauek bidera irten zitzaizkien Davidi eta beronekin zetorren jendeari. Davidek hurbildu eta bake-agurra egin zien.

22. Davidekin erasora joanak ziren baina maltzur eta zikoitz zirenek esan zuten:—Horiek ez dira gurekin etorri. Ez diegu harrapakinetarik ezer ere emango, beren emazte eta seme-alabak izan ezik. Har ditzatela eta doazela!

23. Davidek ihardetsi zuen:—Ez dezazuela horrelakorik egin, ene anaiok, Jaunak eman digunarekin! Zaindu egin gaitu; eraso zigun lapur-talde hura eskura eman digu.

24. Esan duzuen hori ez dizue inork ere onartuko, zeren eta,«nolako zatia borrokara doanak,halakoa tresneria zaindu duenak.Berdin hartuko dute denek».

25. Egun hartaz geroztik horrela egin da, eta Israelen arau eta lege bezala bete ohi da jokabide hori gaurdaino.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 30