Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 21:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jonatan hirira itzuli zen; David, berriz,

2. Nob-era, Ahimelek apaizarengana. Ahimelek, harriturik, bidera atera zitzaion Davidi, esanez:—Nolatan zatoz bakarrik, beste inor gabe?

3. Davidek Ahimelek apaizari:—Agindu hau eman dit erregeak: «Ez dezala inork jakin zertara bidaltzen zaitudan eta zer agindu dizudan». Mutilei, berriz, halako tokira egin diet dei.

4. Zer duzu eskura? Emazkidazu bost ogi edo aurkitzen duzuna.

5. Apaizak erantzun zion Davidi:—Ez dago ogi arruntik, ogi sakratua baizik; emango dizut, baldin eta mutilek emakumeekin harremanik izan ez badute.

6. Davidek apaizari:—Badakizu gudura ateratzen garenean debekatua dugula emakumeekin harremanak izatea. Irten nintzenean nire mutilen gorputzak garbi zeuden, irtenaldi arrunta izan arren. Are garbiago daude, beraz, gaur mutilen gorputzak.

7. Orduan, apaizak ogi sakratua eman zion, ez baitzen han beste ogirik, Jaunari eskainiak baizik; Jaunaren aurretik kenduak ziren, ogi berria ezartzeko.

8. Han zegoen, egun hartan, Jaunaren santutegian gelditua, Saulen zerbitzarietako bat; Doeg zuen izena, Edomgoa eta Saulen artzainburua.

9. Davidek esan zion Ahimeleki:—Ba al duzu hemen eskura lantzarik edo ezpatarik? Ez ditut hartu neure ezpata eta neure armak, erregearen agindua oso presakakoa baitzen.

10. Apaizak erantzun:—Hementxe dut, zeuk Terebinto haranean hil zenuen Goliat filistearraren ezpata, oihal batean bildua, efod delako apaiz-jantziaren atzean. Hartzazu, nahi baduzu, ez baitago besterik.Davidek esan zuen:—Ez da hori baino hoberik. Emadazu!

11. Abiatu zen David eta Saulengandik urruti joan zen, ihesi, egun hartan. Gateko errege Akixengana heldu zen.

12. Zerbitzariek, ordea, esan zioten Akix erregeari:—Ez al da hori David, bere herrian errege dena? Ez al zioten horri kantatzen, dantza eginez, «Saulek mila hil, Davidek hamar mila»?

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 21