Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 20:4-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Jonatanek, orduan, Davidi:—Zuk esana egingo dut zure alde!

5. Davidek Jonatani:—Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Uztazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsalde arte.

6. Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera albait lehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko».

7. «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea.

8. Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?

9. Jonatanek erantzun zion:—Inola ere ez! Gure aitak zu hondatzea erabakia duela ziur jakiten badut, adieraziko dizut.

10. Davidek galdetu zion Jonatani:—Nork adieraziko dit, zuen aitak haserre erantzuten badizu?

11. Jonatanek Davidi:—Zatoz, goazen landara.Eta biak landara atera ziren.

12. Jonatan honela mintzatu zitzaion Davidi: «Israelen Jainko Jaunarengatik esaten dizut, bihar edo etzi, garai honetan, ikertuko ditudala gure aitaren asmoak. Zurekiko asmo onak baditu eta norbait berehala bidali eta adierazten ez badizut,

13. zigor nazala Jaunak gogor. Gure aitak zu hondatzeko asmotan irauten badu, berriz, adieraziko dizut eta ihes egiten utziko, bakean joan zaitezen. Izan bedi Jauna zurekin, gure aitarekin izan zen bezala.

14. Egun hartan, bizi baldin banaiz, har nazazu onez, Jaunak nahi bezala. Hila baldin banaiz, berriz,

15. ez ukatu inoiz zeure onginahia nire senitarteari, Jaunak Daviden etsai guztiak banan-banan lurretik suntsiaraziko dituenean».

16. Honela, Jonatanek ituna egin zuen Daviden etxearekin, esanez: «Eska biezazkio Jaunak kontuak Davidi; hobeki esan, beronen etsaiei».

17. Jonatanek zin egin zion berriro Davidi, elkarri zioten maitasunagatik, bere burua bezain maite baitzuen.

18. Jonatanek esan zion gero Davidi: «Bihar ilberri-jaia da eta han ez zaudela nabarituko dute, zure jarlekua hutsik egonen baita.

19. Etzi, jaitsi zaitez eta gorde, lehengo hartan ezkutatu zinen toki berean. Egon jarririk Etzel harriaren ondoan.

20. Hiru gezi jaurtiko ditut alde horretarantz, jo-puntura botatzen ariko banintz bezala,

21. eta morroia bidaliko dut, esanez: “Hoa eta bila itzak geziak”. Morroiari “Hi baino honantzago dituk geziak, har itzak” esango banio, orduan etor zaitezke, dena bakean izango baita. Ez da arriskurik izango, ala Jauna!

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 20