Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 20:22-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Baina mutilari “Hi baino harantzago dituk geziak” esango banio, zoaz ihesi, Jaunak bidaltzen zaitu eta.

23. Biok elkarri eman diogun hitzaz, berriz, izan bedi Jauna gu bion artean testigu betierean».

24. Ezkutatu zen, bada, David landan. Ilberri-jaia heltzean, jarri zen erregea otordurako, bazkaltzeko.

25. Ohi zuen tokian jarri zen erregea, horma ondoko jarlekuan. Jonatan jaiki egin zen. Abner Saulen aldamenean eseri zen. Daviden tokia, berriz, hutsik zegoen.

26. Egun hartan Saulek ez zuen deus ere esan, berekiko pentsatuz: «Ustekaberen bat izango zuen. Ez zen garbi egongo, ez zituen garbikuntzak egingo».

27. Biharamunean, ilberri ondoko bigarren egunean, berriro ere Daviden tokia hutsik zegoen. Saulek esan zion bere seme Jonatani:—Zergatik ez da etorri bazkaltzera Jeseren semea ez atzo eta ez gaur?

28. Jonatanek erantzun zion:—Belenera joateko baimena eskatu zidan arren eta arren.

29. Honela esan zidan: «Uztazu joaten, otoi; senitartekoon oparia eskaini behar baitugu herrian, eta anaiak joateko agindu dit. Orain, beraz, begiko baldin banauzu, uztazu, arren, anaia ikustera joaten». Horregatik, ez da etorri erregearen mahaira.

30. Haserretu zitzaion Saul Jonatani, eta esan zion:—Sasikumea halakoa! Banekian, bai, Jeseren seme hori maite huela, heure buruarentzat eta heure amarentzat lotsagarri haizen horrek!

31. Jeseren seme hori lurrean bizi dadin arte, ez haiz seguru izango, ez hi, ez hire erregetza. Bilarazi eta ekardak oraintxe bertan, hil beharra dik eta!

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 20