Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 20:18-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Jonatanek esan zion gero Davidi: «Bihar ilberri-jaia da eta han ez zaudela nabarituko dute, zure jarlekua hutsik egonen baita.

19. Etzi, jaitsi zaitez eta gorde, lehengo hartan ezkutatu zinen toki berean. Egon jarririk Etzel harriaren ondoan.

20. Hiru gezi jaurtiko ditut alde horretarantz, jo-puntura botatzen ariko banintz bezala,

21. eta morroia bidaliko dut, esanez: “Hoa eta bila itzak geziak”. Morroiari “Hi baino honantzago dituk geziak, har itzak” esango banio, orduan etor zaitezke, dena bakean izango baita. Ez da arriskurik izango, ala Jauna!

22. Baina mutilari “Hi baino harantzago dituk geziak” esango banio, zoaz ihesi, Jaunak bidaltzen zaitu eta.

23. Biok elkarri eman diogun hitzaz, berriz, izan bedi Jauna gu bion artean testigu betierean».

24. Ezkutatu zen, bada, David landan. Ilberri-jaia heltzean, jarri zen erregea otordurako, bazkaltzeko.

25. Ohi zuen tokian jarri zen erregea, horma ondoko jarlekuan. Jonatan jaiki egin zen. Abner Saulen aldamenean eseri zen. Daviden tokia, berriz, hutsik zegoen.

26. Egun hartan Saulek ez zuen deus ere esan, berekiko pentsatuz: «Ustekaberen bat izango zuen. Ez zen garbi egongo, ez zituen garbikuntzak egingo».

27. Biharamunean, ilberri ondoko bigarren egunean, berriro ere Daviden tokia hutsik zegoen. Saulek esan zion bere seme Jonatani:—Zergatik ez da etorri bazkaltzera Jeseren semea ez atzo eta ez gaur?

28. Jonatanek erantzun zion:—Belenera joateko baimena eskatu zidan arren eta arren.

29. Honela esan zidan: «Uztazu joaten, otoi; senitartekoon oparia eskaini behar baitugu herrian, eta anaiak joateko agindu dit. Orain, beraz, begiko baldin banauzu, uztazu, arren, anaia ikustera joaten». Horregatik, ez da etorri erregearen mahaira.

30. Haserretu zitzaion Saul Jonatani, eta esan zion:—Sasikumea halakoa! Banekian, bai, Jeseren seme hori maite huela, heure buruarentzat eta heure amarentzat lotsagarri haizen horrek!

31. Jeseren seme hori lurrean bizi dadin arte, ez haiz seguru izango, ez hi, ez hire erregetza. Bilarazi eta ekardak oraintxe bertan, hil beharra dik eta!

32. Jonatanek ihardetsi zion bere aita Sauli:—Zergatik du hil beharra? Zer egin du, bada?

33. Saulek lantza hartu zuen, semea jotzeko asmoz. Jonatanek ikusi zuen, beraz, erabakia zuela aitak David hiltzea,

34. eta haserre bizitan jaiki zen mahaitik, eta ez zuen deus ere jan ilberri-jaietako bigarren egun hartan. Oso atsekabetua zegoen, aitak David iraindu zuelako.

35. Biharamun goizean landara joan zen Jonatan, Davidekin aurrez erabaki bezala. Mutil koskor bat zeraman berekin.

36. Jonatanek diotso mutilari:—Hoa bizkor; bilatu jaurtiko ditudan geziak!Mutikoa lasterka zihoalarik, jaurti zuen Jonatanek gezia, mutikoa baino harantzago joateko eran.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 20