Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 20:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Davidek ihes egin zuen Ramako Naiotetik ere, eta Jonatanengana jo zuen hitz egitera:—Zer egin dut? Zein gaitz, zein bekatu egin diot zuen aitari, ni hil nahian ibiltzeko?

2. Jonatanek erantzun:—Ez horixe, ez zara hilko! Gure aitak ez du egiten deus ere, ez handirik, ez txikirik, aurrez niri adierazi gabe. Horixe ezkutatuko ote dit, hain zuzen, aitak? Ezinezkoa da.

3. Davidek zin ere egin zuen, esanez:—Ongi daki zuen aitak begiko nauzula. Hau esango zuen bere baitan: «Ez dezala jakin honetaz deus ere Jonatanek, atsekabe ez dadin». Hara, Jauna bizi dela eta zu bizi zarela bezain egia da, heriotzaren eta nire artean pauso bat baizik ez dagoela.

4. Jonatanek, orduan, Davidi:—Zuk esana egingo dut zure alde!

5. Davidek Jonatani:—Bihar ilberri da, eta egun horretan erregearen ondoan eseri beharko nuke bazkaltzeko. Uztazu joaten; landan gordea egongo naiz arratsalde arte.

6. Zuen aitak nire galdera egiten badu, esaiozu: «Bere sorterri Belenera albait lehen joaten uzteko eskatu zidan Davidek, urteroko oparia bere ahaide guztiekin egiteko».

7. «Ongi da» erantzungo balu, lasai nintzateke; haserretuko balitz, ordea, gauza jakina litzateke erabakia duela ni hondatzea.

8. Egidazu mesede hau zeure morroi honi; izan ere, ituna eginarazi didazu zeurekin Jaunaren izenean. Niregan inolako gaiztakeriarik baldin bada, hil nazazu zeuk; zertarako eraman ni zuen aitaren aurrera?

9. Jonatanek erantzun zion:—Inola ere ez! Gure aitak zu hondatzea erabakia duela ziur jakiten badut, adieraziko dizut.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 20