Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 2:21-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Jaunak onez begiratu zion Anari, eta honek sabelean sortu eta hiru seme eta bi alaba izan zituen. Bitartean, Samuel mutikoa hazten ari zen Jaunarenean.

22. Oso zaharra zen Eli. Jakin zuen bere semeek israeldar guztiei egin ohi zietena, baita Jaunaren elkarketa-etxolaren sarreran zerbitzua egiten zuten emakumeekin etzan ohi zirela ere,

23. eta honela mintzatu zitzaien: «Zergatik ari zarete jendeak adierazi dizkidan gauza izugarri horiek egiten?

24. Ez egin horrelakorik, ene semeok! Ez da batere ona entzuten ari naizena. Jaunaren herria okerbideratzen ari zarete!

25. Gizon batek beste gizon bat iraintzen badu, Jainkoa izan dezake bitarteko; bekatua Jaunaren aurka egiten badu, ordea, nor izan dezake aldeko?»Hala ere, semeek ez zuten aitaren esana aditu. Izan ere, erabakia zuen Jainkoak haiek hilaraztea.

26. Samuel mutikoa, berriz, hazten ari zen, eta Jainkoak eta gizakiek gero eta gogokoago zuten.

27. Behin batean, Jainkoaren gizon bat etorri zitzaion Eliri eta honela mintzatu: «Hau dio Jaunak: Garbi aski agertu nintzaion zure arbasoen senitarteari, Egipton faraoiaren esklabo zirelarik.

28. Israelen leinu guztietarik zuen aita hautatu nuen apaizgorako, nire aldarera igo zedin, intsentsua erre ziezadan eta nire santutegian efod delakoa jantzi zezan. Era berean, israeldarrek egindako eskaintza guztietarik beren zatia hartzeko eskubidea eman nien zuen aitaren ondorengoei.

29. Zergatik hartzen dituzu oinpean nire aginduz santutegian egiten dizkidaten opari eta eskaintzak? Zergatik hartzen dituzu zeure semeak aintzakotzat eta ez ni, Israel ene herriak eskainitakoetatik hoberenak hartu eta beraiek gizenduz?

30. «Horregatik, hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Esan nuen, bai, zure etxea eta zure aitaren etxea izanen zela beti nire aurrean zerbitzari. Orain, ordea —dio Jaunak—, ez horrelakorik! Ohoratzen nauena dut ohoratuko; gutxiesten nautenak, aldiz, beheratu egingo ditut.

31. Egun batzuen buruan, hondatu eginen dut zure eta zure aitaren senitartearen agintea. Zure etxean ez da inor zahartzarora helduko.

32. Etsaia ikusiko duzu zeurean; Israel herriari, ordea, dena ongi aterako zaio. Zure etxean, berriz, bakar bat ere ez da zahartzarora inoiz helduko.

33. Hala ere, ez ditut zuretar guztiak egotziko nire aldaretik; horregatik, begiak bekaitzez urtuko zaizkizu eta bizia akituko. Zure etxeko ondorengoak sasoirik hoberenean hilko dira.

34. Hofni eta Pinhas zure bi semeei gertatuko zaiena izango da ezaugarria: egun berean hilko zaizkizu biak.

35. «Zintzo izango zaidan apaiz bat dut sorraraziko; nire nahiaren arabera du hark jardungo. Ondorengotza iraunkorra emango diot eta nire gantzutuaren zerbitzuan ibiliko da beti.

36. Zure etxean bizirik gelditzen direnek apaiz horren aurrean ahuspeztu beharko dute, zilarrezko diruren bat edota opilen bat eskatzeko, esanez: “Otoi, uztazu apaiz-lanen bat egiten, ogi-puskaren bat jan ahal izan dezadan”».

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 2