Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 19:15-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

15. Berriro ere bidali zituen Saulek mandatariak, David ikus zezaten. Esan zien: «Ekardazue ohean bada ere, hil egin behar dut eta».

16. Mandatariek, sartzean, etxeko idoloa aurkitu zuten ohean, ahuntz-ilezko oihala burualdean zuela.

17. Orduan, Saulek diotso Mikali:—Zergatik egin didazu iruzur? Nire etsaiari ihes egiten utzi diozu eta salbatu egin da.Mikalek Sauli:—Berak esan zidan: «Utzi ihes egiten; bestela, hil egingo zaitut!»

18. David, ihes egin eta bere burua salbatu ondoren, Samuelengana joan zen Ramara eta Saulek berari egindako guztiaren berri eman zion. Orduan, Samuel eta biak Naiot-era joan ziren eta han gelditu.

19. Honela esan zioten Sauli: «Hara, David Ramako Naioten dago!»

20. Saulek mandatariak igorri zituen, David atxilot zezaten. Haiek profeta-trantzean ikusi zuten profeta-taldea, Samuel buru zela. Jainkoaren espirituak hartu eta profeta-trantzean jarri ziren Saulen mandatariak ere.

21. Hau jakinarazi ziotelarik, beste mandatari batzuk bidali zituen Saulek; baina hauek ere profeta-trantzean sartu ziren. Hirugarrenez bidali zituen Saulek mandatariak, eta hauek ere profeta-trantzean sartu ziren.

22. Saul bera abiatu zen, orduan, Ramara. Seku-n dagoen urtegi handiraino heltzean, honela galdegin zuen:—Non dira Samuel eta David?Erantzun zioten:—Han, Ramako Naioten.

23. Joan zen, bada, Saul Ramako Naiotera, eta bera ere Jaunaren espirituak hartu eta profeta-trantzean sartu zen, Ramako Naiotera heldu arte.

24. Bera ere biluztu eta beste guztiekin batera sartu zen profeta-trantzean Samuelen aitzinean. Han egon zen etzana, larrugorri, egun eta gau osoan. Hortik dator esaera: «Saul ere profeta artean?»

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 19