Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 18:1-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Davidek Saulekin mintzatzen bukatu zuenean, Jonatan eta David adiskide min egin ziren; Jonatanek bere burua bezain maite izan zuen David.

2. Berekin hartu zuen egun hartan Saulek David, eta ez zion bere aitaren etxera itzultzen utzi.

3. Jonatan eta Daviden artean elkartasun handia sortu zen; izan ere, bere burua bezain maite zuen Jonatanek.

4. Soinean zeraman soingainekoa erantzi eta Davidi eman zion Jonatanek, baita bere jantziak ere; ezpata, uztaia eta gerrikoa ere bai.

5. Saulek bidaltzen zuen guda-irtenaldi guztietan ongi ateratzen zen David; horregatik, Saulek gudalburu egin zuen. Jende guztiak ontzat hartu zuen hori, baita Saulen zerbitzariek ere.

6. Davidek Goliat filistearra hil ondoren, gudutik zetozelarik, Israelgo herrixka guztietatik bidera atera zitzaizkion emakumeak Saul erregeari, bozkarioz kantari eta dantzari, danbolinak eta txilinak joz.

7. Emakumeek, alai dantzatuz, honela kantatzen zuten, batzuek besteei erantzunez:«Saulek mila hil,Davidek hamar mila!»

8. Saulek ez zuen kopla hori pozez entzun. Biziki haserretu zen, eta honela zioen: «Hamar mila Davidi eta mila niri! Erregetza besterik ez du falta!»

9. Handik aurrera begitan hartu zuen Saulek David.

10. Biharamunean, Jainkoak bidalitako espiritu gaiztoak jo zuen Saul, eta han zebilen eroa bezala bere etxe osoan barrena; David zitara jotzen ari zitzaion, egunero bezala. Saulek, ordea, eskuan zerabilen lantza

11. jaurti zuen, David hormari josteko asmoz. Eta David birritan saihestu zen.

12. Geroztik, Daviden beldur izan zen Saul, harekin baitzen Jauna; berarengandik, berriz, aldendua zela ikusten zuen.

13. Orduan, Saulek, David bere ondotik urruntzearren, mila gizonen buruzagi egin zuen. Davidek gidatzen zuen jende hura gudurako joan-etorrietan.

14. Garaile atera ohi zen David egintza guztietan, Jaunak laguntzen baitzion.

15. Denetan ongi ateratzen zela ikusiz, Saulek beldurra hartu zion Davidi.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 18