Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 13:7-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Hebrear batzuk Jordanez beste aldera igaro ziren, Gad eta Galaad lurraldeetara. Saulek, aldiz, Gilgalen jarraitu zuen, berarekin zen jende guztia beldur-ikaraz zegoelarik.

8. Samuelek erabaki bezala, zazpi egunez itxaron zuen; baina Samuel ez zen Gilgalera agertu eta jende guztia sakabanatzen hasi zitzaion Sauli.

9. Orduan, Saulek esan zuen:—Ekarzkidazue erre- eta elkartasun-oparigaiak.Eta erre-oparia eskaini zuen Saulek.

10. Erre-opariaren eskaintza bukatzen ari zelarik, Samuel azaldu zen. Saul bidera atera zitzaion, agurtzeko asmoz.

11. Samuelek, ordea, galdetu zion:—Zer egin duzu?Saulek erantzun:—Jendea sakabanatzen hasi zitzaidala eta erabakitako egunean zu ez zentozela ikusi eta filistearrak Mikmasen bilduak zeudela oharturik,

12. esan dut neure baitan: «Filistearrak etorriko zaizkit orain Gilgalen erasotzera, nik Jaunaren onginahia neureganatu baino lehen». Hala, erre-oparia eskaini beharrean gertatu naiz.

13. Samuelek ihardetsi zion Sauli:—Zorakeria ederra egin duzu! Ez duzu bete Jaunaren, zeure Jainkoaren, agindua; bete izan bazenu, betierean sendotuko zizun Jaunak Israel herrian zeure erregetza.

14. Aurkitu du, ordea, Jaunak bere gogoko beste gizon bat; horixe ezarriko du Jaunak bere herriaren buruzagi, zuk ez baituzu bete Jaunak agindutakoa.

15. Jaiki zen Samuel eta, Gilgaldik, Benjamingo Gibeara igo zen. Saulek zenbatu egin zituen berekin zituen gizonak: seiehunen bat gizon.

16. Saul, beronen seme Jonatan eta biekin zen jendea Benjamingo Gibean zeuden; filistearrak, berriz, Mikmasen, etxolatuak.

17. Filistearren kanpalekutik gudari-talde erasotzaile bat atera zen hiru sailetan: sail bat Ofrarako bidetik zihoan, Xual alderantz;

18. beste sail batek Bet-Horonerako bidea hartu zuen, eta hirugarrenak Tzeboim haran gainean dagoen mugarantz jo zuen, basamortu aldera.

19. Ez zen Israel osoan errementari bakar bat ere, honela esaten baitzuten filistearrek: «Ez da komeni hebrearrek ezpata eta lantzarik egin dezaten».

20. Hain zuzen ere, filistearrengana jo behar izaten zuten israeldarrek beren golde-nabar, aitzur, aizkora nahiz igitaiak zorroztera.

21. Zilarrezko txanpon erdia balio zuen goldea nahiz aitzurra, sardea nahiz eztena zorrozteak.

22. Honela, bada, borroka-eguna heldu zenean, Saul eta Jonatanekin ziren gudariek ez zuten ezpatarik, ez lantzarik eskuetan, Saulek eta honen seme Jonatanek izan ezik.

23. Bitartean, filistear gudari-talde bat atera zen Mikmaseko mendiarterantz.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 13