Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 10:5-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Joan gero Jainkoaren Gibeara, han baitaude filistearren agintariak. Hirira sartu orduko, muinotik beherantz datorren profeta-taldea ikusiko duzu; profeta-trantzean aztoraturik etorriko dira, salterio- eta danbolin-jotzaileak, txirula- eta zitara-jotzaileak aurretik dituztela.

6. Jaunaren espirituak hartuko zaitu zu ere; beste gizon bat bihurtuko zara.

7. Zantzu hauek gertatzean, egin eskura datorkizukeena, zeurekin izanen baituzu Jauna.

8. Jaitsi gero nire aurretik Gilgalera. Ni ere jaitsiko naiz zure ondoren, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaintzera. Egon nire zain zazpi egunez, harik eta nik, etorririk, zer egin behar duzun adierazi arte».

9. Samuelen ondotik abiatzeko, bizkarra eman orduko, Jainkoak aldatu egin zuen Saulen bihotza, eta aurreikusitako zantzu haiek guztiak gertatu ziren egun hartan.

10. Handik Gibeara zihoazelarik, hara non datorkien profeta-taldea. Hartu zuen Saul Jaunaren espirituak eta, besteekin batera, profeta-trantzean jarri zen bera ere.

11. Aspalditik ezagutzen zutenek, profetekin batera profeta-trantzean ikusi zutenean, honela ziotsoten elkarri:—Zer gertatzen ote zaio Kixen semeari? Saul ere profeta artean?

12. Bertako batek zioen:—Nor ote dute buru?Ordutik dator esaera hau: «Saul ere profeta artean?»

13. Profeta-trantzetik atera zenean, muino sakratura joan zen.

14. Saulen osabak galdegin zien:—Nora joan zarete?Saulek erantzun zion:—Astoen bila. Baina ez genituen aurkitzen eta Samuelengana jo genuen.

15. Osabak Sauli:—Eta zer esan zizuen Samuelek?

16. Saulek osabari:—Astoak agertuak zirela jakinarazi zigun.Erreinuaz Samuelek esandakoari buruz, ordea, ez zion deus ere adierazi.

17. Deitu zuen Samuelek jendea Mitzpan Jaunaren aurrean bil zedin,

18. eta honela mintzatu zitzaien israeldarrei: «Hona zer dioen Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik atera nuen Israel Egiptotik, eta nik askatu zintuztedan, zapaltzen zintuzteten egiptoar eta gainerako erreinu guztien menpetik.

19. Zuek, aldiz, gutxietsi egin duzue orain zeuen Jainkoa, berak gaitz eta atsekabe orotatik salbatu zaituzten arren. Honela diozue: “Utikan! Emaguzu erregea!” Jar zaitezte, bada, Jaunaren aurrean leinuka eta senitarteka».

20. Hurbilarazi zituen, orduan, Samuelek israeldar leinu guztiak eta, zotz eginik, Benjaminen leinuari atera zitzaion.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 10