Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 10:11-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. Aspalditik ezagutzen zutenek, profetekin batera profeta-trantzean ikusi zutenean, honela ziotsoten elkarri:—Zer gertatzen ote zaio Kixen semeari? Saul ere profeta artean?

12. Bertako batek zioen:—Nor ote dute buru?Ordutik dator esaera hau: «Saul ere profeta artean?»

13. Profeta-trantzetik atera zenean, muino sakratura joan zen.

14. Saulen osabak galdegin zien:—Nora joan zarete?Saulek erantzun zion:—Astoen bila. Baina ez genituen aurkitzen eta Samuelengana jo genuen.

15. Osabak Sauli:—Eta zer esan zizuen Samuelek?

16. Saulek osabari:—Astoak agertuak zirela jakinarazi zigun.Erreinuaz Samuelek esandakoari buruz, ordea, ez zion deus ere adierazi.

17. Deitu zuen Samuelek jendea Mitzpan Jaunaren aurrean bil zedin,

18. eta honela mintzatu zitzaien israeldarrei: «Hona zer dioen Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik atera nuen Israel Egiptotik, eta nik askatu zintuztedan, zapaltzen zintuzteten egiptoar eta gainerako erreinu guztien menpetik.

19. Zuek, aldiz, gutxietsi egin duzue orain zeuen Jainkoa, berak gaitz eta atsekabe orotatik salbatu zaituzten arren. Honela diozue: “Utikan! Emaguzu erregea!” Jar zaitezte, bada, Jaunaren aurrean leinuka eta senitarteka».

20. Hurbilarazi zituen, orduan, Samuelek israeldar leinu guztiak eta, zotz eginik, Benjaminen leinuari atera zitzaion.

21. Hurbilarazi zuen Benjaminen leinua senitarteka eta, zotz eginik, Matriren senitarteari atera zitzaion, eta, hauen artean, Kixen seme Sauli. Hasi ziren Saulen bila, baina ez zuten aurkitzen.

22. Honela galdetu zioten berriro Jaunari:—Etorri al da gizon hori?Jaunak erantzun zien:—Tresneria artean dago gordea.

23. Joan ziren lasterka eta atera egin zuten handik. Jendearen artean zutiarazi eta denetan garaiena zen Saul, sorbaldaraino heltzen zitzaion beste jende guztia.

24. Samuel, orduan, honela mintzatu zitzaion herri osoari:—Ikusten al duzue nor aukeratu duen Jaunak? Herri osoan ez da hau bezalakorik.Herri osoak, aho batez, oihukatu zuen:—Gora erregea!

25. Samuelek, orduan, erregetzaren eskubideak zein ziren adierazi zion herriari; idatzi zituen liburuan eta toki sakratu batean Jaunaren aurrean utzi zuen liburua. Ondoren, Samuelek bidali egin zuen herri osoa, nor bere etxera.

26. Saul ere Gibeako bere etxera itzuli zen. Jainkoak bihotza ukitu zien gizon indartsu batzuk Saulekin joan ziren.

27. Baina beste maltzur-gaizto batzuek honela zioten: «Zera salbatuko gaitu horrek!» Eta muzin egin zioten; ez zioten esku-erakutsirik batere eraman. Saulek, berriz, ez entzunarena egin zien.

Irakurri kapitulu osoa 1 Samuel 10