Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 9:13-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Familiaburu hauek, beren ahaide guztiekin batera, mila zazpiehun eta hirurogei ziren, gizon adoretsuak Jaunaren etxeko zerbitzuak betetzeko.

14. Lebitarren artekoak: Xemaias, Haxuben semea —hau Azrikamena, hau Haxabiasena—. Hauek Merariren senitartekoak ziren;

15. baita Bakbakar, Herex, Galal eta Metanias, Mikaren semea —hau Zikrirena, hau Asafena—,

16. Obadias, Xemaiasen semea —hau Galalena, hau Jedutunena—, eta Berekias, Asaren semea ere —hau Elkanarena—, netofarren herrixketan bizi zena.

17. Atezainen artekoak: Xalum, Akub, Talmon eta Ahiman. Berauen senide Xalum zen buruzagi.

18. Orain arte, hauek dira tenpluko ekialdeko atea, erregearen atea, zaintzen dutenak. Berauen arbasoak lebitarren kanpalekuaren zaintzaile izan ziren.

19. Koreren seme, Ebiasafen biloba eta Koreren hereniloba zen Xalumek, bere senitarteko ahaideekin, koretarrekin batera, oihal-etxolako sarrera zaintzeko eginkizun sakratua zuen; beraren arbasoek ere Jaunaren kanpalekuko sarrera zaintzeko eginkizuna izana zuten.

20. Antzina, hauen arduraduna Eleazarren seme Pinhas izan zen. Jauna izan bedi berarekin!

21. Elkarketa-etxolako atezaina Mexelemiasen seme Zakarias zen.

22. Berrehun eta hamabi ziren, orotara, tenpluko atezain izateko aukeratuak, eta beren herrixketan zeuden erroldatuak. Davidek eta Samuelek eman zieten eginkizun hori, konfiantzazkoak zirelako.

23. Haiek eta beraien ondorengoek Jaunaren etxeko ateak, hau da, oihal-etxolak, zaintzeko eginkizuna zuten.

24. Atezainak tenpluaren lau aldeetan egon ohi ziren: ekialdean, mendebaldean, iparraldean eta hegoaldean.

25. Haien ahaideak, aldian-aldian, beren herrixketatik etorri ohi ziren, zazpi egunetako zaintzaldiak haiekin batera egitera.

26. Atezainburu ziren lau lebitarrek, ordea, etengabeko zerbitzua zuten, eta Jainkoaren etxeko gelak eta altxorrak zaintzen zituzten.

27. Jainkoaren etxe inguruan eman ohi zuten gaua, zaindu egin behar baitzuten eta goizero atea ireki.

28. Atezainetarik batzuk kulturako behar ziren gauzez arduratzen ziren, gauzak sartu/atera bakoitzean zenbatzen zituztela.

29. Beste batzuk ontzi arruntez eta ontzi sakratuez arduratzen ziren, baita ogi-irin, ardo, olio, intsentsu eta usaingarriez ere.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 9