Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 28:8-16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. «Orain, beraz, Jaunaren biltzarra den Israel osoaren begi aurrean, eta Jainkoak entzuten digularik, hau diotsuet: Gorde eta ikertu Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aginduak oro, lurralde eder honetan iraun dezazuen eta zuen ondorengoei ondaretzat utz diezaiezuen betiko.

9. «Zu, berriz, Salomon, ene seme hori, saia zaitez zeure aitaren Jainkoa ezagutzen; zerbitzatu bera bihotz osoz eta gogo handiz. Bihotz guztiak aztertzen ditu Jaunak, eta badaki nolakoak diren giza gogoetak. Haren bila ibiltzen bazara, utziko dizu bera aurkitzen; baztertzen baduzu, ordea, betiko arbuiatuko zaitu.

10. Begira, santutegi izango duen tenplua eraikitzeko aukeratu zaitu Jaunak. Izan adore eta ekin lanari!»

11. Davidek bere seme Salomoni tenplua eraikitzeko planoa eman zion: ataria eta itun-kutxaren gela, biltegiak, goiko eta barneko gelak nola egin adieraziz.

12. Era berean, Jaunaren etxeko atariei buruz eta hauen inguruan, tenpluko altxorrak eta gauza sakratuak gordetzeko, egin behar ziren gelei buruz berak asmo zuenaren planoa eman zion.

13. Apaiz- eta lebitar-sailek Jaunaren etxean bete behar zituzten zerbitzuenak eta tenpluko kulturako behar ziren gauzen zerrendak ere eman zizkion.

14. Orobat, zerbitzu bakoitzerako behar ziren urrezko ontziek zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar beharko zuten zehaztu zion.

15. Zerbitzu bakoitzean behar ziren urrezko argimutil eta kriseilu bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar izango zuten agindu zion;

16. baita Jaunari eskainiriko ogiak ipintzeko behar ziren mahai bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar zuten ere.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 28