Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 28:12-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. Era berean, Jaunaren etxeko atariei buruz eta hauen inguruan, tenpluko altxorrak eta gauza sakratuak gordetzeko, egin behar ziren gelei buruz berak asmo zuenaren planoa eman zion.

13. Apaiz- eta lebitar-sailek Jaunaren etxean bete behar zituzten zerbitzuenak eta tenpluko kulturako behar ziren gauzen zerrendak ere eman zizkion.

14. Orobat, zerbitzu bakoitzerako behar ziren urrezko ontziek zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar beharko zuten zehaztu zion.

15. Zerbitzu bakoitzean behar ziren urrezko argimutil eta kriseilu bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar izango zuten agindu zion;

16. baita Jaunari eskainiriko ogiak ipintzeko behar ziren mahai bakoitzak zenbat urre eta zilarrezkoek zenbat zilar behar zuten ere.

17. Orobat, zenbat urre garbi behar zen sardexkak, isipu-ontziak eta pitxerrak egiteko, eta zenbat urre behar zen urrezko edalontzi bakoitza eta zenbat zilar zilarrezko bakoitza egiteko.

18. Baita zenbat urre garbi behar zen intsentsu-mahaia egiteko ere. Eta, azkenik, urrezko hegaldun izakien eta gurdiaren planoa eman zion; hegaldun izaki horiek Jaunaren itun-kutxa estaltzen zuten beren hego zabalduez.

19. «Hau guztia —esan zuen Davidek— Jaunaren eraginez idatziriko agiri batean dago; horretan erakusten dizkit egitasmoaren xehetasun guztiak».

20. Gero, esan zion Davidek bere seme Salomoni: «Izan kemen eta adore! Ekin lanari beldurrik gabe. Ez kikildu, Jauna, ene Jainkoa, zeurekin izango duzu eta. Ez zaitu bakarrik utziko, tenplua eraikitzeko lan guztiak bukatu arte.

21. Hemen dituzu Jainkoaren etxeko zerbitzu guztiak bete behar dituzten apaiz- eta lebitar-sailak. Zeure esanetara izanen dituzu borondate handiko gizonak, edozein lanetan iaioak; buruzagiak eta herri osoa ere zeure esanetara izango dituzu».

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 28