Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 21:20-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

20. Ornanek, garia jotzen ari zelarik, atzera begiratu eta aingerua ikusi zuen; harekin lanean ari ziren lau semeak gorde egin ziren.

21. Orduantxe zetorren David Ornanengana. Hau, David ikustean, larrainetik atera eta ahuspeztu egin zen Daviden aitzinean.

22. Davidek esan zion:—Emadazu larraina dagoeneko toki hau; aldarea eraiki behar diot Jaunari, horrela izurria herriarengandik urrun dezan. Bidezko dena ordainduko dizut.

23. Ornanek erantzun:—Hartzazu, ene jaun horrek, eta egin nahi duzuna. Begira, neure idiak emanen dizkizut erre-oparirako, eultziak egurretarako eta garia eskaintzarako. Dena damaizut.

24. David erregeak ihardetsi zion:—Ez, bidezko dena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunarentzat ez dut hartuko zurea dena, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre-oparirik.

25. Toki haren ordainetan urrezko seiehun txanpon eman zizkion Davidek Ornani.

26. Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari eta, erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainirik, dei egin zion Jaunari. Honek zerutik aldare gainera sua bidaliz erantzun zion.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 21