Itun Zaharra

Itun Berria

1 Kronikak 19:10-19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. Joabek, borroka bai aurretik, bai atzetik zuela ikusirik, Israelgo hoberenak aukeratu eta aramearren aurrez aurre ipini zituen lerrotan.

11. Gainerako gudariak bere anaia Abixairen gidaritzapean utzi zituen, eta honek amondarren aurrean ipini zituen guda-lerrotan.

12. Joabek esan zion anaiari: «Aramearrak nagusitzen bazaizkit, zatozkit laguntzera; amondarrak nagusitzen bazaizkizu, berriz, ni joango natzaizu laguntzera.

13. Eutsi sendo! Gogor egin behar diegu geure herriaren eta geure Jainkoaren hirien alde. Egin beza Jaunak ongi deritzona!»

14. Hasi zuten, bada, Joabek eta berekin zuen gudarosteak aramearren kontrako borroka. Baina aramearrak ihesi joan ziren.

15. Aramearrak ihesi zihoazela ikusirik, amondarrek ere ihesari eman zioten Joaben anaia Abixairen aurrean, eta hirira sartu ziren. Orduan, Joab Jerusalemera itzuli zen.

16. Israeldarrek menderatu zituztela ikustean, aramearrek mandatariak bidali zizkieten Eufrates ibaiaz haraindiko beste aramearrei, laguntzera etor zekizkien. Hadadezerren gudalburu zen Xofak zuten buruzagi.

17. Davidek, hori jakinarazi ziotenean, Israelgo gudaroste osoa bildurik, Jordan igaro eta guda-lerrotan ipini zituen gudariak, aramearrei aurre egiteko. David aramearrei aurre egiteko prest zegoenean, ekin zioten aramearrek borrokari,

18. baina ihes egin zuten Israelen aurrean. Davidek guda-gurdietako zazpi mila gudari hil zituen eta berrogei mila oinezko. Xofak gudalburua ere hil zuen.

19. Hadadezerren menpean zeuden guztiek, israeldarrek garaitu zituztela ikustean, bakezkoak egin zituzten Davidekin, eta beronen menpe gelditu ziren. Aramearrek handik aurrera ez zieten lagundu nahi izan amondarrei.

Irakurri kapitulu osoa 1 Kronikak 19